GARA > Idatzia > Ikusmira

Euskal Surf Federazioa nazioarteko lehiari begira

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) Europako Federazioko kide izateko eskaera egingo du euskal surflariek nazioartean beren selekzioarekin lehiatu ahal izateko, beste hainbat kirolarik nahi duten moduan. EHSFk duela zazpi urte arte jardun zuen Europako Federazioan, Espainiakoa agertzeak hartatik kanpo utzi zuen arte, hain zuzen. Auzitegi Goren espainolak Espainiako Federazioa legez kanpo utzi izana zazpi urteko ibilbide judizialaren bukaera izan da, Auzitegi Nazionalaren ebazpena berretsi eta Espainiako Federazioaren helegitea atzera botata. Euskal kirolari guztiek beren selekzio propioarekin lehiatzeko eskubidea ukatzearen zentzugabetasuna are nabarmenago uzten du bukaera horrek.

Pozgarria da auzi luze horrek izan duen bukaera, baina ez kirol federazio bat inondik botatzeagatik, baizik eta federazio horren helburuak nekez lotu daitezkeelako kirolarekin, eta bai, zalantzarik gabe, Euskal federazioa nazioarteko lehiatik kanpo uzteko asmoarekin. Eta poztekoa da zenbait euskal kirolarik, kasu honetan surflariek, beren nazioaren izenean lehiatzeko aukera izateko atea irekita dutelako. Ondo egindako lanaren emaitza, neurri batean prozesua aurrera eraman duten abokatuei zor zaiena, atzo aipatu ez bazituzten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo