GARA > Idatzia > Kirolak

SURFA Zazpi urteko prozesu judiziala

Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du Espainiako Federazioa

Euskal Herrikoak eskaera egingo dio Europakoari nazioartean lehiatzeko

p044_f01_148x096.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) Europakoan sartzeko eskaera egingo du hurrengo egunetan berriz ere nazioartean «selekzio bezala lehiatzeko» eta, bide batez, «euskal surflarien nahia betetzeko». Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako Federazioa legez kanpokoa dela baieztatu ondoren, EHSFko arduradunak «baikorrak» dira eta 2000. urtera arte bezala berriz ere nazioartean leihatu ahal izatea espero dute.

Hamar urtez, EHSFk arazorik gabe hartu zuen parte nazioarteko txapelketetan, Europako Federazioko kidea baitzen. Aldiz, 2002an Europako Federaziotik kanpo geratu zen Espainiakoaren sorrera dela eta. Orain, zazpi urteko prozesu judizialaren ostean, berriz ere nazioartean lehiatzeko aukera du aurrez aurre EHSFk. Egoeraren eta aurrerantzean emango diren urratsen berri Iciar Bustamante EHSFko presidenteak eta Ruben Bueno Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) kudetzaileak eman zuten atzo Bilbon. Prozesu judiziala aurrera eraman duten abokatuek, aldiz, ez zuten atzoko agerraldian parte hartu.

Espainiako Surf Federazioa «legez kanpokoa» dela berretsi duen epaia urriaren 9an eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala ere, EHSFk ez zuen atzora arte ezagutarazi epaia.

Espainiako Federazioaren aurkako helegitea 2002an aurkeztu zuen EHSFk Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi urte beranduago, Espainiako Federazioa legez kanpokotzat jo zuen auzitegi horrek. Orduan, Espainiako Federazioak Gorenera jo zuen.

Orain, zazpi urte igaro ostean, ebazpen «argia eta erabatekoa» eman du Gorenak. «Ezinezkoa da berriz ere helegitea aurkeztea», argitu zuen Bustamantek. Horrenbestez, Espainiako Federazioak «desegitea» beste aukerarik ez du uneotan Iciar Bustamantek atzo argitu zuenez.

Eskaera Europakoari

Edozein modutan, Espainiako Federazioak ez ditu oraingoz desegiteko urratsak eman -EHSFk berak egin zion eskaera orain dela astebete egindako bileran-. Horiek horrela, ebazpena betetzeko eskatuko dio EHSFk Espainiako Auzitegi Gorenari.

Orain EHSFk Europako Surf Federazioan berriz sartzeko eskaera egingo du -2000an kanporatu arte, 10 urtez izan zen bertako kide-. Eskaeran, epaiak sortutako egoera azalduko dio Europako Federazioari EHSFk. Egoera ikusita, «Euskal Herriarekin nazioartean lehiatzeko» eta «euskal surflarien nahiak betetzeko» aukera izatea espero dute. «Ebazpenak indarra eman digu. Horregatik gara baikorrak», esan zuen Bustamantek.

Amaitzeko, baikorrak izateko hainbat arrazoi eman zituen Bustamantek: Euskal Herrian goi mailako suflariak izatea, orain arteko ibilbide oparoa eta Surflari Profesionalen Erakundearen oniritzia izatea.

EKPB: «Federazioen borondate arazoa da»

Ruben Buenok EKFBren «laguntza eta babes osoa» eman zion atzo EHSFri. «Abagune berria da; EHSFk ez luke arazorik izan behar nazioartean lehiatzeko», esan zuen.

EKFBko kudeatzaileak gogoratu zuenez, Espainiako Federazioa «presaka eta gaizki» sortu zuten. Salatu zuenez, «iruzurrra» egin zuten. «Helburu bat besterik ez zuten: Euskal Herriko Federazioa kanporatzea», esan zuen. Orain dela zazpi urte lortu zuten, egun, berriz, EHSFk dena alde duela nabarmendu zuen Buenok.

Baikorra da. «Federazioen arteko kirol harremanak dira, ez estatuen artekoak; estatuek ez dute zertan erdian sartu. Azken batean, erakunde pribatuak dira, ez da arazo judiziala edo kirol arazoa, Euskal Herriko eta Europako Federazioen borondate arazoa da».

Azkenik, Buenok hainbat nazioarteko federaziok estatu gabeko herriak onartzen dituztela esan zuen, adibidez igeriketak (16 kasu), atletismoak (20), saskibaloiak (22), txirrindularitzak (9) eta boleibolak (27).

U.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo