GARA > Idatzia > Pilota

ERREMONTEA Marka berriaren bila

Eizagirre: «Lagunartean katxondeo handiagoa dago»

Urrutia eta Aizpururen marka bikaina berdindu du atzelariak hemeretzi partida segidan irabazita

p037_f01_148x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Egun batetik bestera modako erremontista bihurtu da Jon Eizagirre. Atzelari beteranoak 22 urte daramatza punta-puntako partidak jokatzen, eta tarte horretan txapel batzuk ere irabazi ditu, bai buruz buru -2003an- eta bai binaka -92, 94, 95 eta 2002an-. Egunotan, ordea, beste balentria bategatik dabil pilotazaleen ahotan. Zarauztarrak 19 neurketa irabazi ditu segidan -Urrutia eta Aizpururen marka berdindu du- eta errekor berria ezar dezake bihar.

Atzelariaren hitzetan, «19 partida errenkadan irabazteak beti ematen du poza», batez ere, «azken astinaldiak ematen ari naizenean lortu ditudalako garaipen horiek». Ezin da ahaztu Eizagirrek 40 urteen muga gainditua duela eta, normala den moduan, ez zaizkiola urte asko geratzen goi mailan jarraitzeko.

Horregatik, bere tamainan hartzen ditu jendearen txaloak. «Garrantzia ematen diozu, lortzea oso zaila den marka bat delako. Baina bestetik, erremonte munduan 22 urtez aritu eta gero, badakizu lorpen bakoitzari berez duen garrantzia ematen, ez gehiago eta ez gutxiago. Komunikabideak normalean baino gehiago mugitzen dira, lagunartean katxondeo handiagoa egoten da, baina besterik ez», onartzen du pilotari gipuzkoarrak.

Kalonjek, 21?

Edonola ere, ongi asko daki zertan dabilen. Izan ere, hurrengo helburua Kalonjeren 21 garaipenak berdintzea ote den galdetuta, hark lortutakoa zehaztu digu. «Kalonjek 21 partida horien artean partida bat gutxienez galdu zuen. Euskalen galdu zuen partida bat. Kalonjek lortu zuena da Galarretan 21 partida segidan irabaztea. Tartean Iruñean jokatu zuen partida bat eta galdu egin zuen. Baina, beno, egia da nik ere azkeneko partida guztiak Galarretan jokatu ditudala, Euskalen aspaldi ez dut jokatu. Nik nirea egin dut. 21era iristen banaiz oso ondo, baina iristen ez banaiz anekdota hortxe geldituko da eta aurrera», laburbildu du.

Hainbat urtetan Iñaki Lizasorekin batera atzelaririk onena izan eta gero, lesioek bere jokoa dezente baldintzatu dute azken bizpahiru urteetan. Eizagirrek aipatzen duenez, horrelako marka bat lortzea «gauza askoren batura da. Tanto jakin batzuetan suerte pixka bat edukitzea, lagunarekin ongi moldatzea, joko-bolada ona harrapatzea, sasoiak laguntzea...», denak omen du zerikusia. Alde horretatik oso pozik dago, baina badaki «beste aldekoak ere» iritsiko direla. «Orain unea aprobetxatzea da garrantzitsuena», aldarrikatu du.

Alde txarren bat aipatzekotan, urte sasoi honetan Galarretara jende gutxixeago hurbiltzen dela aipatzen du. «Bolada hau nahiko txarra izaten da. Ehiza garaia da eta frontoira etortzen den jende asko ehizean ibiltzen da. Dirua jokatzen duen jendea izaten da askotan. Baina hori urtero-urtero gertatzen da, esku pilotan ere antzematen da. Baina, gabon inguru horretan txapelketak direla-eta berriz ere jendea ibiliko dela pentsatzen dut», aitortu du.

Azken Buruz Buruko Txapelketari uko egin ostean, Binakakoari buruz galdetu diogu Eizagirreri. «Ez dakit sartuko naizen ala ez. Buruz Burukoan ez jartzeko nik eskatu nion enpresari. Ez nintzen oso ongi sentitzen, molestia txiki batzuk nituen. Gauza bat da bikoteka jokatzea, baina bakarka aritzea beste bat da, eta ikusten nuen ez nintzela gai izango. Binakakoan sartzen banaiz ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz, bestela partidak jokatzen segituko dut beti bezala», amaitu du.

Kirol munduan buru-belarri sartuta

Kirolari mota xelebrea da erremontista. Sarritan astean hiru neurketa jokatu behar izaten dituzte pilotari profesionalek, ezin baita ahaztu astean lau edo bost jaialdi -lau Hernaniko Galarretan eta bosgarrena Huarteko Euskal Jai pilotalekuan- egiten direla urteko hilabete gehienetan. Horregatik, askotan, entrenatzea baino garrantzitsuagoa izaten da ongi errekuperatzea, are gehiago Eizagirre bezalako pilotari beteranoentzat. Baina zarauztarraren kasuan, erremonteak eta eguneroko lanek uzten dioten denbora apurra ere kirolari eskaini behar izaten dio. Hori bai, beste era batera.

Orain dela pare bat urte, Zarauzko Kirol Elkarteko futbol ataleko presidente aukeratu zuten. Bere semeak futbolean jokatzen du eta, talde apaletan gertatu ohi den moduan, gurasoen laguntza behar-beharrezkoa izaten da elkartea aurrera ateratzeko. Hasieran, noizbehinkako laguntza zena, azkenean kargu bilakatu da eta bere agintaldian poz bat baino gehiago izan ditu, handiena, herriko futbol talde nagusia iaz hirugarren mailara igo izana.

A. AIESTARAN

TAMAINAN

Lorpenari garrantzia tamainan ematen dio Jon Eizagirrek, besteak beste, «22 urtetan erremontean ibili eta gero, gauzei duten garrantzia ematen ikasi» baitu zarauztarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo