GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Montoiak «Euskal Hiria sutan» lanarekin lortu du Euskadi Literatur Saria

Lakuako Kultur Sailak antolatzen dituen Euskadi Literatur Sarien bi ataletako irabazleen izenak atzo jakinarazi zituzten. Xabier Montoiak euskarazko literaturari dagokion saria lortu du «Euskal Hiria sutan» narrazio bildumarekin. Fernando Reyk, aldiz, literatur itzulpen onenari dagokiona eraman du, Tabucchiren «Pereirak dioenez» eleberriarekin.

p052_f01_101x108.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Karlos Otegi buru izan duen epaimahaiak euskarazko literatura sailari dagokion saria Xabier Montoiaren (Gasteiz, 1955) «Euskal Hiria sutan» bildumari eman dio. 18.000 euroko saria da hori, eta beste 3.535 euro ere lortu ahal izango lituzke lana beste hizkuntza batean argitaratzea bideratuko lukeen hitzarmena sinatuko balu.

«Gure inguru hurbilean gerta litezkeen istorioen bilduma nabarra ikusi dugu, unibertso hurbil baten erakusleiho bizi-bizia, giza sentimendu eta jokaeren mosaiko zabala eta aberatsa eskaintzen du. Eta horien bidez munduaren ikuskera pertsonal baten zirriborroa». «Euskal Hiria sutan» saritzeko epaimahaiak aintzat hartutako kontu batzuk halaxe laburbildu zituzten hedabideen aurrean. Eta, «giro, erritmo, tonu desbedinen bariazio lortua, idazkera zuzena, sarkorra, ausarta» ere antzeman diote narrazio bildumari. Montoiaren liburuan, alegia, «borborrean dagoen `euskal hiri' bati buruzko jarrera arbuiagarria, inarroslea» aurkitu du gustuko epaimahaiak eta idazleak «mundu ikuskera pertsonala zirriborratu» izana ere goratu du.

«Anbiziorik handienekoa»

Ipuingintzarako bere maisutasuna behin baino gehiagotan frogatu ondoren, epaimahaiak uste du Montoiak orain saritu den bildumarekin «anbiziorik handieneko proiektuari» ekin ziola. Elkarren bidez iaz kaleratu zuen «Euskal Hiria sutan».

Euskarazko literatura modalitateari dagokion saria lortzeko finalisten zerrendan beste hauek ere izan dira: Leire Bilbao, «Ezkatak» (Susa) lanarekin; Javi Cillero, «Ero hiria» (Alberdania); Ixiar Rozas, «Negutegia» (Pamiela) eta Joseba Zulaika, «ETAren hautsa» (Alberdania).

Montoia ez zen atzoko ekitaldian izan, bere azken urteotako jarrera edo filosofiari eutsiz. Bere liburuen ohiko promozioan parte hartzeari ere aspaldi egin zion uko. Sarritan defendatu izan duenaren arabera, alegia, sorkuntza lana -liburuak, kasu- ez da azaldu behar, bestela irakurlearen interpretazio askatasuna azalpenaren bidez urratzen delakoan. Hori hala, Euskadi Literatur Sariak banatuko diren ekitaldian parte hartuko duen jakiterik ere ez dago.

Bestalde, euskarazko itzulpengintzako modalitateko saria Fernado Rey (1961) iruindarrak eskuratu du, Antonio Tabucchiren «Pereirak dioenez» (Sostiene Pereira) lana euskaraz emateagatik. 14.500 euro eskuratuko ditu.

«Liburu honen bidez, euskal irakurleak badu Tabucchiren estiloa jasotzeko aukera, jatorrizkoaren usaina nabaritzen baita. Naturaltasuna eta fideltasunaren arteko oreka modu errazean lortzen du, estilo itxuraz arina eta behartu gabea erabiliz. Euskara betean, italierazko liburu bat oparitu digu Fernandok», nabarmendu zuen Bakartxo Arrizabalaga epaimahaiburuak.

Itzultzailea bera ere pozarren agertu zen erabakiaren berri izatean. Proiektua «plazer hutsez» eta «epeen diktaduraren menpe egon gabe» egin zuela, eta eleberria bera zein Pereira izeneko kazetari protagonista «oso erakargarriak» iruditzen zaizkiola aitortu zuen, haren hainbat gauzarekin identifikatzen dela erantsita: «Tabucchiren libururik ospetsuena da; adierazpen askatasunaren aldarri bihurtu zen, giza eskubideen defentsa, boterearen, indarkeriaren eta torturaren kontrako oihu... antiheroien aldeko apustua egiten du eta asko gustatzen zait hori», esan zuen. Igela argitaletxearen defentsa egiteko ere baliatu zuen agerraldia: «Igelak eman du liburua argitara. Baliabide gutxirekin zenbat egiten duen, eta zenbat on!... hori da egiten dudan gogoeta. Igelak asko duindu du itzulpengintza, eta itzulpengintza da, eta izanen da, euskararen normalizazioaren zutabe inportante bat».

Modalitate berean beste hauek izan dira finalista: Mirentxu Larrañaga (Michael Morpurgoren «Peaceful soldadua»), Josu Zabaleta (John Allen Paulosen «Zenbakirik gabe bizi: matematika-ezjakintasuna eta haren ondorioak») eta Patxi Zubizarreta (Nagib Mahfuzen «Mirarien kalezuloa» euskaratzeagatik).

ISTORIOAK

Montoiak «gure inguru hurbilean gerta litezkeen istorioak bildu ditu, borborrean dagoen `euskal hiri' bati buruzko jarrera arbuiagarriaz»; Reyk euskaratutako eleberriak Portugalera garamatza, Salazarren diktaduran egunkari bateko orrialde kulturalaz arduratzen den Pereira kazetaria bidelagun hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo