«Berdintasunak gizonak behar ditu; eta gizonek berdintasuna behar dute»
Donostiako Kursaal aretoan bi egunez egin den Sare 2007 kon- gresua atzo amaitu zen, maskulinotasunarekin erlazionatutako hainbat arlo sakon aztertu ondoren. Azken hitzaldia Jouni Varan-ka finlandiarrak eskaini zuen eta genero politiketan gizonezkoak aintzat hartu behar direla defendatu zuen.
Maider EIZMENDI
Hitzaldi interesgarri bezain eztabaidatua eskaini zuen atzo arratsaldean Jouni Varanka finlandiarrak. Adituak luze eta zabal jardun zuen genero politiketan gizonezkoak ere kontuan hartuak izan daitezen dauden arrazoien gainean. Bere jarduna laburbiltzen duen esaldi batekin abiatu zuen hitzaldia: «Berdintasunak gizonak behar ditu, eta gizonek berdintasuna behar dute».
Aipatu ideia horretan sakontzeko, gizonak eta genero politiken gainean bi kontraesan nagusi aipatu izan direla azaldu zuen: «Batetik, esan izan da posible dela genero politika bat osatzea gizonak kontuan hartu gabe, nire ustez ideia hau okerra da; bestetik, aipatu da genero berdintasunak aurre egin duen heinean, gizonek galdu egin dutela, horrekin ere ez nago ados», azaldu zuen.
Hain justu ere, bi ideia horiei buelta ematen saiatu zen Finlandiako Osasun eta Gizarte Gaietako Saileko Genero Berdintasunerako atalean lan egiten duen aditua. Gizonei arreta gehiago eskaini behar zaiela uste du, eta politika orotan kontuan hartu; barneratu, eta ez aparteko arlo batean landu. «Generoa zeharka aplikatu behar da, emakume eta gizonak aintzat hartuta, eta ez orain artean bezala, azken hauek albo batera utzita». Hala eta guztiz ere, zera argitu nahi izan zuen hizketaldiaren hasieran: «Gizonak kontuan hartu behar dira, baina lehentasuna emakumeek behar dute».
Varankak azken urteetan gizona eta generoa gaiak indarra hartu duela nabarmendu zuen, eta hainbat dokumentu eta lan aipatu zituen adibide gisa. Hizpide izan zituen, halaber, batean eta bestean garatu diren eta gizonak eta generoa aintzat hartzen dituzten politikak, eta haietan, batez ere, lan ordainduaren eta familiaren uztartzea eta emakumeen aurkako indarkeria aipatzen direla nabarmendu zuen.
Aipatu ekimenek, Varankaren esanetan, agerian uzten dute «jada onartua dagoela ezin dela emakumearen estatusa hobetu gizonek parte hartzen ez badute». Alde horretatik, «gero eta kontzienteago gara genero politikek gizonaren egoera hobetu dezaketela eta hobetu behar dutela», gaineratu zuen.
Hain zuzen ere, emakumeenganako bazterkeria gainditzeko aurrera eginez gero, gizonezkoek lortuko lituzteketen onurak ere aipagai izan zituen: «Batetik, onura etikoa, helburua, berdintasuna, justua delako; bestetik, etekin ekonomikoak, giza errekurtsoen erabilpen hobea egingo litzatekeela-ko; hirugarrenez, inguruan dituen emakumeen egoera hobetzeak berak abantaila suposatuko liekeelako; eta azkenik, beraiei ere kalte egiten dieten rolak galtzen lagunduko liekeelako».
Hala eta guztiz ere, argitu zuen genero politiketan gizonak aintzat hartzea ez dela gizonen gaiak soilik aztertzea, «emakumeen gaiak diren horietan gizonen parte hartzea sustatzea ere bai».
Galderak eta argibide eskaerak
Hautsak harrotu zituzten Varankaren hitzek entzuleen artean, eta galderen saioan batek baino gehiagok eskatu zion esandakoa argitzeko; hainbatek gizonak kontuan izateko ahalegin horren atzean, berriz ere, gizonen interesen alde egiteko ahalegina ikusi baitzuen. Varankak, ordea, hitzaldiaren hasieran aipatutako ideiari heldu zion berriro, eta «gizonak kontuan hartuta ere, emakumeek lehentasuna duten» politiken alde egin zuen berriz ere.
Hitzaldi horrek eman zion amaiera Sare 2007 kongresuari. Bi egunez «maskulinotasuna eta eguneroko bizitza» izenburupean, alor ezberdin ugari landu dituzte hainbat adituk. Besteak beste, maskulinotasunak dituen arriskuak, diruaren gestioa edota indarkeria izan dira aztergai.