GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSOEk eta EAJk adostutako «gerra estrategiaren aurka borrokatzeko» deia egin dute

Euskal Herriarentzako demokrazia lortzeko «borrokarako prest» dago gizartea ezker abertzalearentzat. PSOEk eta EAJk adostutako «estrategia errepresibo eta politikoari kalean aurre egiteko garaia» dela uste du.

p017_f01.jpg

Manex ALTUNA |

PSOEk eta EAJk negoziazio prozesua hautsi ondoren adostutako estrategiari aurre egiteko «kalera atera eta mobilizatzeko garaia» dela adierazi zuten atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan Mikel Etxaburu eta Marije Fullaondok.

Ezker abertzalearen ordezkarientzat jendarteak «ez du onartuko beste iruzurrik» eta Euskal Herriarentzako «demokrazia lortzeko borrokarako prest dago». Etxaburuk gogora ekarri zuenez, PSOEk eta EAJk negoziazio prozesua «hautsi» zuten eta, hortik aurrera, ezker abertzalearen aurkako «gerra estrategia argia» jarri du martxan Zapateroren alderdiak.

EAJk «estrategia» horrekin bat egin duela salatu zuen ezker abertzaleko ordezkariak. Horren adibide bezala, hurrengoa nabarmendu zuen: «Eraso errepresibo batzuk Zapateroren Polizia Nazionalaren eskutik etorri dira eta, besteak, Ibarretxe eta Balzaren Ertzaintzaren eskutik».

Azken hilabeteetan emandako «urrats errepresiboen» laburpena egin zuen Etxaburuk. Besteak beste, Donostiako estropada egunean euskal preso politikoen alde egin behar zen manifestazioa debekatu egin zutela eta herritarrak «gupidarik gabe» jipoitu zituztela gogoratu zuen. Juan Mari Olanoren, Ohiana Agirreren eta Joseba Alvarezen espetxeratzeak eta Mahai Nazionalaren eta «gazte independentisten» kontrako operazioak ere aipatu zituen. Hernaniko biztanleek beren hildakoak gogoratzeagatik jaso zituzten jipoiak edo asteazkenean Santutxuko herritarrek jaso zituztenak, Gernikan eta Donostian Polizia autonomikoak faxistei emandako babesarekin ere konparatu zituen.

«Estrategia errepresibo honen helburu nagusia ezker abertzalea jipoitzea, kriminalizatzea eta ahultzea da. Izan ere, PSOEk eta EAJk beraien operazio politikoa ahalik eta erosoen burutu nahi dute independentziari ateak ixteko», adierazi zuen.

Etxaburuk nabarmendu zuenez, «joko-zelai politikotik» atera nahi dute ezker abertzalea. Izan ere, badakite prestatzen ari diren operazio politikoari aurre egiteko «antidotoa» daukala. «Negoziazio prozesuan mahai gainean jarri zen marko demokratikoa, alegia», azaldu zuen.

Ezker abertzalearen ordezkariaren ustez, proposamen horretan daude gatazka politikoari konponbidea emateko gakoak, «herri honen erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna aitortuak baitira eta proiektu politiko guztiak, independentzia barne, gauzagarriak baitira».

Etxaburuk salatu zuenez, PSOEk eta EAJk «herri interesen» gainetik bi alderdien interes politikoak jarri dituzte eta horrek mahai gainean jarritako proposamena baztertzera eraman ditu. Ezker abertzalearentzat, PSOEren xedea «Espainiar batasuna» Konstituzioaren baitan arriskuan ez jartzea izan da eta, EAJrena, «negozioa eta kudeaketa» mantentzea. Ildo horretan, alderdi jeltzaleak Ibarretxeren eskutik planteatu duen «sasi irtenbideak» ez diola gatazka politikoaren gako nagusiei erantzuten adierazi zuten.

IRUZURRA

Ezker abertzalearen ustez, jeltzaleek eta Zapateroren alderdiak «martxan jarri duten operazio politikoa» iruzur berria da independentziari «ateak ixteko»

ANTIDOTOA

Negoziazio prozesuan aurkeztutako «marko demokratikoaren proposamena» PSOE eta EAJren estrategiari aurre egiteko «antidotoa» dela esan zuen Etxaburuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo