GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta Erdia

Irujo ala Titin, bietako bat bidean geratuko da Labriten

Finalerdietako ligaxkako lehen partida galduta, Iberoko eta Tricioko pilotariek garaipena behar dute gaur finalean sartzeko aukerak izaten jarraitzeko

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Juan Martinez de Irujok eta Titinek hil ala biziko norgehiagoka dute gaur Iruñeko Labriten (17.50, Tele5). Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian Aimar Olaizola eta Abel Barriolaren aurka galdu ostean, bi pilotariek garaipena ezinbestekoa dute Lau eta Erdiko Txapelketako finalean sartzeko aukerak izaten jarraitzeko.

Horiek horrela, joko ikusgarri eta erasokorra gogoko duten Aspeko bi ordezkariek bizirik irauteko grina ere kantxaratuko dute gaur arratsaldean. Joan den asteazkeneko material aukeraketan oso motibatuta agertu ziren, eta galtzeko beldurrik ez dutela erakutsi zuten. «Galtzen duenak hurrengo urtean pentsatzen hasi beharko du», onartu zuen Titinek. Hori bai, gaurko partidarako ilusio handia duela nabarmendu zuen. «Biek arriskatuko dugu, aurkaria mugitzen ahaleginduko gara. Ez dut uste piloteo luzerik izango denik», azaldu zuen.

Martinez de Irujok, berriz, argi utzi zuen Tricioko aurrelariaren bertuteak sobera ezagutzen dituela. «Titinen aurka jokatzera ohituta nago. Gustura aurkitzen zara, bere jokoan sartzen zara, baina azkenerako erotuta bukatzen duzu. Izan ere, joko horretan Augustok ez dizu aukerarik eskaintzen. Beti gaizki dagoela esaten du, zaharregi, baina txapela irabazteko hautagai serioa da. Barriolaren aurka argi eta garbi frogatu zuen», esan zuen. Olaizolaren kontra baino lasaiago jokatzea espero duela ere esan zuen Iberokoak.

Anoeta Hoteleko sarrera, itxita

Barriolak eta Olaizolak igandean jokatuko dute Atano III.a frontoian (18.00, ETB-1). Donostiako jaialdia eta Realak eta Celtak Anoetan jokatuko duten partida ordu berean hasiko dira eta, Aspek aurreratu duenez, pilotalekuaren inguruko aparkalekuak itxita izango dira, baita Anoeta Hoteleko sarrera ere.

piloteo gutxi

Titinek piloteo gutxiko partida izango dela aurreratu zuen. «Biek arriskatuko dugu, aurkaria mugitzen ahaleginduko gara. Ez dut uste piloteo luzerik izango denik», esan zuen Triciokoak.

erotuta

Errioxarraren jokoan sartuz gero erotuta buka dezakezula nabarmendu zuen Irujok. «Bere joan sartzen zara, baina azkenean erotuta bukatzen duzu», aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo