Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Euskarak ez dauka maila nahikorik
Wall Street Journal»eko «kazetariak», antza, barkamena eskatu du. Bere best regards bidaltzen dizkigu euskaldunoi gutun amaieran, artikuluaren helburua gu iraintzea inondik ere ez zela azaldu ondoren. Hala ere, barkamenak eskatzen ere ez da lar trebea mutiltxo hau: argi uzten du guretzat benetan gogorra izan behar dela ingelesez idaztea, izan ere, mundu guztiak daki euskaldunona bezalako herri atzeratuok ingeles aurreratua ikasteko abileziarik ez daukagula; eta, beste hizkuntzarik ikasteko gai ez garenez, bere artikulu osoa ere ziurrenik ez dugula irakurri esanez zuritzen du bere burua. Gure egunkari «lokal» eta atzeratuak ulertzeko besterik ez gara gai. Errua geurea, txarto ulertzeagatik.
Estatu Batuetan horrelako artikuluak agertzeak benetan harritzen nau, batez ere, Basque Country non dagoen ere seguru asko ez dakitelako eta, zelan ez, inbaditu behar ez duten bitartean, inporta ere, askorik ez dielako inportako. «Abc», «La Razon», «El Mundo» edo «El Correo Español»eko artikulu tipiko topikoago legez ikusten dut nik. Horientzat benetan dago pisuzko arrazoia halako tontakeriak esateko.
Kazetari honen maila intelektuala argi geratu da: Miguelico El Cortoren parekoa. Ea, zelan esan liteke euskaraz hipo- tenusa? Zelan esan liteke euskaraz demokrazia? Argi eta garbi, grezieraz esaten da, K.a. Atenasen bertan sortu zelako termino hau, yankien ustez beste herri atzeratu bat den horretan, esan gura dut.
Hala ere, zati batean behintzat arrazoia eman behar diot Keith Johnson baldarrari: euskara ez baita edozeri buruz berba egiteko hizkuntza aproposa, ez dauka maila nahikorik. Eta hori geure herrian bertan ikusten dugu egunero. Gure «pertsonalitateek», baita artikuluan esaten den moduan, «a strict regime of Euskera into every corner of public life», hau da, bizitza publikoaren bazter guztietan euskararen erregimena ezarri gura ei duten pertsonalitateek ere argi uzten digute gabezia hori.
Normala da Leopoldo Barredak esatea Euskal Herrian ez dela euskaraz hitz egiten, bere lagun fatxa zirkulutik, Indautxu pijoenetik eta hainbat izarretako hotel eta jatetxeetatik kanpo, entzuten duen euskara bakarra gure lehendakariarena bada. Baina ez da beharrezkoa horrelako muturretaraino jotzea. Lekeitiorako sarreretan, Euskal Herriko beste zenbait herritan legez, «Lekeitio. Euskeraz bizi gara» kartel handiak ikus ditzakegu, hala ere, kartelek bigarren leloa falta dute «pero matizamos en español» dioena, alegia. Izan ere, horrelakoxea da alkatea bera, eta horrelaxe esan zuen orain dela zenbait hilabete batere lotsa barik. Kazetari yankiak dioen moduan, euskarak etxeko kontuetarako balio du, artzaina eta enparauak esateko, baina beste gai batzuetan sartzen garenean... ufa!
Funtzio publikoa euskalduntzeko planak egiten dituzten horiek ez dute euskaraz berba bat ere produzitzen, dena da itzulpen, dena da itxurakeria, dena da kaka huts. Berton balio duen eredu bakarra erdararena da, eta horrela lortu dute euskarak benetan balio ez izatea, ez politikarako, garrantzitsua den ezertarako.
Eta horretan, beste batzuk ere ez gaude libre. Autokritika egin beharko genuke beste leku, elkarte, erakunde, talde, sindikatu edo alderdi batzuetan, ea zergatik zenbait kontu beti izan behar diren gazteleraz, mundu guztiak ulertzeko, errazago produzitzen dugulako, ohitura handiagoa daukagulako eta abarreko aitzakiapean, berdin idatziz edo pren- tsaurrekoetan. Euskaldunoi itzulpenek ez digute balio, erdararen kalko hutsek ez digute balio, itxurakeriak ez digu balio. Benetako hizkuntza behar dugu, errespetuz tratatua dena, euskaldunok ere errespetatuak izan gaitezen. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez.