GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inposaketei aurre egitea, Usurbilgo Ikasle Egunaren xedea

Ikasle Abertzaleek datorren larunbatean, hilak 17, Ikasle Eguna egingo dute Usurbilen. Hainbat ekintza antolatu dituzte, baina nabarmentzekoa da goizeko hamaiketan hasita antolatu duten Euskal Ikasleen Topaketa. Bertan, besteak beste, Bologna Prozesua eta ikasleen eskubide demokratikoen urraketa izango dituzte hizpide. Beren iritziz, «ikasleek elkarrekin hausnartu, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko inoiz baino behar handiagoa» daukate orain.

p018_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

«Ikasiz, irauliz, eraikiz... borrokak egingo gaitu» leloarekin, Ikasle Abertzaleek Ikasle Eguna antolatu dute datorren larunbaterako, hilak 17, Usurbilen. Jada zazpigarren aldiz antolatu dute ekimena, baina aurtengoa berezia izango dela nabarmendu zuten Ikasle Abertzaleen kide Gorka Zozaia eta Eneritz Perezek, izan ere Ikasleen Nazioarteko Egunean izango baita.

Goizeko hamaiketan abiatuko da egun horretarako prestatua duten egitarau oparoa. Ordu horretan hasiko dira Euskal Ikasleon Topaketak. «Hezkuntza munduko inposizio ezberdinak tar- teko, ikasleon eskubideen aurka gainera datorkigun ofentsibaren aurrean, ikasleok elkarrekin hausnartu, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko inoiz baino behar handiagoa daukagu; ikasleok gure hitza artikulatu eta entzunarazi behar dugu», adierazi zuten. Hala, topaketa horietan, hiru gai nagusi jorratuko dituzte batez ere: Bologna Prozesuaren inposizioa, eskubide demokratikoen urraketa eta murrizketa, eta eskolak erreproduzitzen duen pratriarkatuak eragiten duen egoera.

Gai horiek taldeetan eztabaidatu eta landuko dituzte, eta ondoren batzar aretoan batuta ateratako ondorio nagusiak parte hartzaile guztien artean partekatuko dituzte. Beren iritziz, egun «ematen ari den ofentsibari» erantzutea ezinbestekoa da. «Unibertsitatea kapitalismo neoliberalaren mesedeetara moldatzen ari dira, eta ikasleon hitza hutsaren hurrengoa da Euskal Herrian dauden unibertsitateen agintarientzat», salatu zuten. «Berdin esan dezakegu -gaineratu zuten- ikasleon eskubide demokratikoen aferaren inguruan, hauen murrizketa eta definizio zahar eta berriak gure iritziak entzun eta aintzat hartu gabe moldatzen baitira».

Ekintza ugari

Topaketez gain, Ikasle Egunerako makina bat ekimen prestatu dituzte. 14.30ean bertso-bazkaria egingo dute, eta bertan izango dira kantuan Jokin Uranga, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Fredi Paia bertsolariak. Bazkalostean hitzaldiak eta jolasak egingo dituzte, eta iluntzeko 19.30ean manifestazioa izango da Usurbilgo kaleetan zehar.

Eguna, ekitaldi nagusiarekin eta ondoren egingo diren kontzertuekin borobilduko dute. Latzen, Oliba Gorriak, Delorean, Ojos de Brujo eta Edan taldeek jarriko dute musika.

Baina Ikasle Egunean egingo dituzten ekimenez haratago, datorren astean Campuseko Ikasle Topaketak jarriko dituzte abian unibertsitateetan eta batzarrak egingo dituzte ikastetxeetan. «Campusetan egingo diren topaketek Bologna Prozesuaren inposaketaren aurrean ikasleok eman beharreko erantzuna adosteko balioko dute», argitu zuten. Asteartean abiatuko dira Ibaetako campusean; biharamunean, hilak 15, Leioako EHUko campusean egingo dira; eta ostegunean, berriz, Gasteizen, Nafarroako Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean.

Azken unibertsitate horretan bizi duten egoera gogor salatu nahi izan zuten atzoko agerraldian, beren esanetan, «demokrazia defizita» dagoelako bertan. «Ikasle Abertzaleek geldialdi deialdia egin behar dute unibertsitate horretan, bertako ikasleak bildu eta beren problematikaz eztabaidatu eta erabakiak hartu ahal izateko aukera izan dezaten; izan ere, honela egingo ez bagenu, ezinezkoa litzaiguke topaketak egitea». Hala, datorren ostegunerako bi orduko geldialdira deitu dute, hamabietatik ordu bietara, Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen egoitzan bertan.

Ikastetxeei dagokienean, berriz, asanbladak egingo dituzte, «infantilizazioari, ikastetxeen polizializazioari eta kanpotik egin eta inposatzen dituzten ikasleen eskubide eta betebeharren dekretuei buruz» mintzatzeko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo