Ezezagunek kutxazain automatiko bati eraso egin diote Mutiloabeitin
GARA |
Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzak jakinarazi zuenez, Baserritarren Kutxako kutxazain automatiko bati eraso egin zioten atzo Mutiloabeitin. Iturri horiek azaldutakoaren arabera, gauerdi aldera egin zuten erasoa ezezagunek; lehendabizi, su hartzeko likidoa jaurti zuten kutxazainera eta, gero, su eman zioten.
Sutearen ondorioz, leherketa bat ere izan zen. Kutxazain automatikoan kalte handiak eragin zituen erasoak. Horrenbestez, uneotan ez du funtzionatzen.
Guardia Zibilak hartu du ikerketaren ardura. Lehen datuen arabera, kale borroka ekintza bat izan daiteke erasoaren atzean. Gobernu espainolaren Ordezkaritzak irmotasunez gaitzetsi zuen erasoa eta Baserritarren Kutxari eta bertako langileei elkartasuna adierazi zien.