GARA > Idatzia > Errugbia

European Challenge

Avironek bost puntuak eskuratu ditu estreinaldian

Zuri-urdinek multzoko talderik ahulenetakoaren aurka jokatu zuten, eta eginbehar guztiak behar bezala bete zituzten orain artean bezala

AVIRON 37

PADOVA 20

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek ez zuen hutsik egin, eta garaipen batekin ekin dio European Challenge txapelketako bere ibilbideari. Garaipena lortzeaz gain, puntu gehigarria ere lortu zuen, bost entsegu egin baitzituen.

Aurretik iragarrita zegoen moduan, Avironek orain arte gutxien jokatu duten jokalariei eman zien aukera. Entrenatzaile lapurtarrak Ligan talde bat eta Europan beste bat ateratzeko asmoa dauka. Azken lehiaketa horretan minuturik gutxien jokatzen dituztenei eman nahi die aukera; atzo horrela egin zuen, nahiz eta tartean ohizko batzuk ere izan ziren zelaian, Daniel Larretxea esaterako. Avironek erasora jokatu zuen, entseguen bila atera zen eta atzean huts batzuk egin zituen. Hala, italiarrek hori aprobetxatu zuten hogei puntu egiteko.

Biarritz

Biarritzek Italian, Viadana taldearen zelaian, ekingo dio Europako Kopako ibilbideari, gaur 14.30etatik aitzinera. Multzo berean dira Saracens eta Glasgow Rangers. Lauretan, lapurtarrak dira gogorrenak; hori da, behintzat, aldez aurretik dirudiena. Horrenbestez, final-laurdenetara ez sailkatzea kolpe handia izango litzateke. Sei multzo dira, eta bakoitzeko onenekin batera, bigarren geratzen diren bi onenak ere sailkatuko dira.

Ustez areriorik errazenaren aurka jokatuz hasiko du txapelketa Biarritzek, Viadana baita ustez talderik ahulena. Beraz, Biarritzek derrigorrez irabazi behar du gaur. Puntu gehigarria lortzea ere derrigorrezkoa da lapurtarrentzat, bestela gero ezusteren bat izan baitezakete.

Zuri-gorriek badakite egoera zein den, eta puntu gehigarria lortzera zelairatuko dira. Europako Kopa kuttuna da Biarritzen. Orain bi urte finalean izan ziren, baina irabazi ez zutenez, iazkoan jarri zuten itxaropen guztia. Ustekabean, finalerdietatik at geratu ziren etxean Northamptonekin galduta.

Azken orduko aldaketarik ez bada, honako hau izango da Biarritzen hamabostekoa: Coetzee, August, Avril, Thion, Dellape, Vahofalou, Harinordoki, Conje, Yachvili, Peyrelongue, Gobelet, Traille, Faafili, Willemse eta Brusque. Hasierako taldea baieztatzen bada, Noirot, Lecouls, Dridi, Cibray, Bosch eta Masi geratuko dira aulkian.

Euskal derbia

Ohorezko Mailan, gipuzkoarren arteko derbia jokatuko da gaur Anoetako estadio txikian; bertan Bera Bera eta Kitmar Ordizia neurtuko dira. Egoera txarra, oso txarra, zen Bera Berarentzat, baina atzotik gauzak aldatu egin zaizkie. Izan ere, Bartzelonaren aurka zelaian galdu zuten partida bulegoetan eman diete irabazitzat. Bartzelonak hainbat jokalari legez kanpo erabili zituen, eta Federazioak Bera Berari eman dio irabazitzat partida 7-0 emaitzarekin. 5 puntu ere eman dizkio. Horrenbestez, puntuetan berdinduta direla neurtuko dira gaur, 16.30ean hasita, bi talde gipuzkoarrak. Partidak ez du faborito argirik, baina, orain arte ikusitakoaren arabera, ordiziarrak hobeto daude.

Getxo arteak, aldiz, Santboianan jokatuko du gaur 16.00etatik aurrera. Liga hasiera honetan erakutsitako maila onarekin jarraitu nahi dute bizkaitarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo