GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jasone Mendizabal Altuna Topaguneko Zuzendaria

Euskara Elkarteen ibilbidea

Datorren urtean AED euskara elkartearen zilarrezko ezteiak ospatuko ditugu Arrasaten. Sorreran aritu zirenek nekez aurreikusiko zuten orduan erditutakoak hartuko zuen gorpuzkera, ezta garatuko zuen nortasuna ere. Herri mailako elkartea, euskaldunentzat bilgune izango zena, euskaraz bizitzeko aukerak irabazten eta erabilerari tokia egiten urtez urte txindurri lanean aritu da. Herriko beste eragileekin elkarlanean aritzeko bokazioaz, euskararen berreskurapenean zentratuta, bazkideen aniztasuna izan du oinarri, ezberdin zirenak batuz eta euskararen aldeko borondateak gehituz. Euskaldunon ahuldadea ezagututa, alferrikako eskakizunak albo batera utzi eta Arrasateko euskaldunek behar zituzten zerbitzuak elkartetik sortzeari ekin zioten bazkideek. Hori guztia behar zen tokian exijitu beharrekoa exijituz, eta bereziki udalaren inplikazioa, laguntza eta elkarlana bilatuz.

Pentsamendu eraikitzaile hau garatzen AED aitzindari izan zen eta ordutik Euskal Herrian ehundik gora euskara elkarte sortu dira. Hauen arteko gehienak Topagunean batu dira eta federazio honek ere 10. urteurrena ospatuko du aurten bere 90 bazkideekin batera. Euskara elkarteak ekintzaileak izan dira beti eta «eginez» egin dute bidea, horren erakusle dira: haur eta gazteen aisialdia euskalduntzeko plangintzetan kokatzen diren programak, entitateak euskalduntzekoak, tokiko hedabide euskaldunak sortzeko ahaleginak, herrietako kultur dinamikak aberasteko ekimenak eta azkenaldian horrenbeste ugaltzen ari diren mintzapraktika programak.

Elkarteen sareak osatzen duen mugimendua gaztea da eta sortzaile sutsuak izan dira. Horietako bakoitzak berea eman dio mugimendu honi, lan egiteko moduetan, pentsamendua garatze bidean emandako ikuspegietan, esparru berriak jorratzen, ekintza originalak sortzen... sare honen ezaugarri aberasgarrienetakoa aniztasuna delarik. Tokian tokiko ezaugarriei atxikiak, egoera berriei nola egokitu asmatu beharrean ibili dira elkarteak, eta elkarren arrimura, esperientziak elkartrukatzen Euskal Herri mailako mugimendu erreferentziala osatzen dute euskararen erabilera sustatzen.

Mugimendu gazte honek mende laurdenean sortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: 90 euskara elkarte federatu, 300 langiletik gora, 10.000 bazkide baino gehiago, 50 tokiko hedabide, 40 mintzapraktika programa martxan, urtero ehunka ikuskizun, tailer, lehiaketa eta jaialdi herriz herri, elkarteak, saltokiak eta ostalaritza euskalduntzeko hamaika programa... horiek denak euskararen erabilera areagotzeko helburuaz antolatuak.

Euskara elkarteen mugimenduaren gaztaroan egin dira horiek guztiak, baina 25 urterekin motxilan gaztaroa atzean utzi eta garai berriei heldutasunez heltzeko momentua izan daitekeelakoan nago. Heldutasunez lan egiteak eskarmentuak emandako ezagutzaz lan egitea esan nahi du, eta baita egin denaren jabe izanik egin nahi denaren kontzientzia garbia izatea ere. Etorkizun horri heltzeko gogoeta elkarteetan ematen ari da, eta federazioaren bidez, Topaguneak azaroaren 23rako Donostian antolatu dituen jardunaldietan jorratu nahi da.

Aurreko lerroetan gogora ekarri dut elkarteek zerbitzugintzan jorratutako bidea. Euskaraz mintzatzekotan horretarako aukerak behar ditugu, eta horiek sortzen nahikoa lan izan dugu eta izango dugu aurrerantzean ere. Hala ere, hori ez da nahikoa. Euskaraz hitz egiteko aukera izateak ez du bermatzen horretarako motibatuta egotea, euskaraz hitz egitekotan horretarako gogoa izan behar dugu eta gogoa izatea norbanakoaren mundu psikologikoan oso gorabeheratsua eta hauskorra den kontzeptua da.

Euskara elkarteen heldutasun aroan sormenean ez ezik, giza psikologian sakondu eta diskurtsoak eta mezuak berritu ere egin beharko ditugula uste dut. Elkarteen ekintzetan erakargarritasuna ezinbesteko ezaugarria den moduan, mezuetan eta diskurtsoan ere horretan asmatzen izango dugu erronka. Mezu eta diskurtso hutsek ez dute balioko, lehenik eta behin euskarazko kultur adierazpideak «izan» izan beharko du erakargarri, eta horretan sortzen, berritzen eta eredu gozagarriak eskaintzen izango dugu lanik. Baina ondoren, eta hementxe dugu erronka, egiten dugun hori komunikatzen asmatu behar dugu. Euskaraz bizi nahi dutenengana heldu behar gara lehentasunez, gune sinboliko honen baitan sortuko baitira euskarazko kultur adierazpide eta dinamika berriak. Baina era berean, euskaldunak izanik erdal kulturan murgilduta bizi direnei euskaraz bizitzea posible eta gozagarria dela adierazteko behar beste zirrikitu bilatu beharko ditugu. Baina, Euskal Herri honetan euskaraz oraindik ikasi ez dutenei eta baita ikasiko ez dutenei ere nor garen eta zer nahi dugun adierazi beharko diegu. Gure hizkuntza komunitateak aurrera egingo badu, bertako erdal komunitateen konplizitatea ere beharko duelakoan nago. Horretatik urrun samar gaude oraindik. Honetan guztian euskalgintza osoak esku bete lan dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo