Moción contra el régimen de incomunicación
«Besteek egiten dutena salatzea da errazena beti, alta Ertzaintzaren jarrera aztertu behar da»
Ertzaintzak atxilotu zuen 1990ean. Hiru egun igaro zituen Arkauten, haien esku. Eta ez du ahaztuko egun horietan jasandako «tratu bortitza». Gorputza ubeldurik eta bi saihets hautsita zituela iritsi zen Auzitegi Nazional espainolera.
Noiz eta nola atxilotu zintuzten?
1990ko apirilean atxilotu ninduen Ertzaintzak. Deustun bizi nintzen orduan. Dena dela, atxilotu nindutenean ez nekien argi zein poliziak hartu ninduen gatibu, ez baitzuten beren burua aurkeztu eta den-dena gaztelaniaz egiten zuten. Atxiloketa oso bortitza izan zen, ordu txikitan sartu ziren makina bat poliziakide nire etxean, lo nengoela. Bertan hasi ziren kolpeak, mehatxuak... Miaketak iraun bitartean hormaren kontra eduki ninduten eta kolpeak etengabeak izan ziren.
Zer-nolako tratua jaso zenuen inkomunikatuta egondako tartean? Zenbat egun eman zenituen inkomunikaturik ?
Miaketaren ostean Bilboko polizia etxera eraman ninduten eta handik Arkautera. Han galdeketak oso gogorrak izan ziren, eta sarriro, begiak itxita nituela batetik bestera eramaten ninduten. Hiru egun pasatu nituen inkomikatuta. Alta, Ertzaintzak 72 orduko luzapena eskatu zuen baina ez zioten eman. Hiru egunak oso gogorrak izan ziren, kolpeak alde guztietan. Tortura fisiko eta psikologiko oso gogorra, batez ere psikologikoa. Auzitegi Nazional espainolaren esku utzi nindutenean gorpurtz osoa ubelduta nuen eta bi saihets apurtuta.
Sufritutako egoera salatu duzu? Eta horrela izan bada zein bide izan du salaketak? Noraino iritsi da?
Arkautetik Auzitegi Nazionalera eraman ninduten eta bertan jasandako tratua salatu nuen. Forenseak nire gorputza aztertu zuen. Ondoren, salaketa jarri nuen eta epaiketa egin zen Gasteizen. Bertatik, hogei bat ertzain pasatu ziren, haiek beren testigantza eman zuten eta nik neurea, eta hala gelditu zen. Betiko moduan, ertzainak absolbitu egin zituzten. Ez nuen gehiago egin, bertan behera utzi nuen, ez bainuen sinisten konponduko zenik.
Zer deritzozu Gasteizko Parlamentuan egin duten bilkura horri?
Poliziak nahi duena egiteko babes osoa du, eta hortaz Gasteizko bilkura hori paripe bat besterik ez da. Besteek egiten dutena salatzea da errazena beti. Guardia Zibilak eta Polizia espainolak torturatzen duela esatea erraza da, baina beren Ertzaintzak egiten duena ere aintzat hartu behar. Ezer ez egitea baino gehiago da hau, hala eta guztiz ere ez dut uste ezertarako balio izango duenik.
Nola sentiarazten zaitu, Ertzaintzaren ardura duen Gobernuak Estatu espainolari era honetako eskariak egiteak? Ertzaintzaren jardunaren aurrean erantzukizuna hartzen al du?
Hipokresia handia dago horren atzean. Guardia Zibilak edota Polizia espainolak torturatzen duenean ere, Gasteizko Parlamentuak ez du kasurik ere egiten. Ez dute sinistu nahi, eta are gutxiago Ertzaintzak berak egiten duenik, nahiz eta jakin badakiten.