Orhan Pamuk Nobel saridunaren «Elurra» eleberria, orain euskaraz
Orhan Pamuk istanbuldarraren eleberri ezagunenetakoa da «Elurra», eta Fernando Reyk eta Monika Etxebarriak euskarara ekarri berri dute. «Turkia osoaren mikrokosmo bat» bihurtuko den hiri batean hiru egunetan jazotzen den kontakizuna dakar liburuak, eta gizarteko tentsio oro agerian geratzen dira bertan. Literaturako Nobel Saria lortu zuen 2006an autoreak.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzarekin antolatzen duten Jokin Zaitegi Saria lortu izanak ahalbidetu die Fernando Reyri eta Monika Etxebarriari 2006ko Literatura Nobel saridun Pamuk istanbuldarraren eleberririk ezagunenetakoa euskaratzea.
Elkarreko Xabier Mendigurenek azaldu bezala, «Elurra» (Kar, jatorrizko hizkuntzan) liburu «mamitsua» da, esanahi eta tamaina aldetik (564 orrialde). Orhan Pamuken lan gehienak, gogorarazi duenez, «erdi histori- koak dira», eta euskaratu den hau, aldiz, «oso-oso garaikidea». Bada, nobela gaur egungo Turkian gertatzen da, hiru egunetan, elurraren erruz bakartuta geratu den hiri batean. Eta hiri hori bihurtuko da, editorearen esanetan, «Turkia osoaren mikrokosmos, Turkia zartatzen duten kontraesan guztiak bertan lehertzen dira». Alegia, bakartutako hirian gizarteko tentsio guztiak geratuko dira agerian: belozaleak eta laizistak, kurduak eta jakobinoak, militarrak eta gerrillariak...
Hainbat gai lantzen ditu beraz eleberriak; horietako asko eta asko, Monika Etxebarriak aipatu bezala, «benetakoak, errealitate hutsa» direnak -erlijioa, suizidioa, emakumearen egoera, okzidentaltasuna...-. Horretarako, Ka izeneko kazetari bat darabil Pamukek narratzaile, «iritzirik gabekoa da bera, baina oso enpatikoa». Eta, hartaz baliatuta, autoreak «distantzia» hartzen du hainbat konturen aurrean, «nahiz eta idazlearen elementu batzuk badituen» aurkezten zaigun narratzaileak.
Aurtengo Euskadi Itzulpen Saria lortu duen Fernando Reyk nabarmendu du liburu «oso betea» dela euskaratu berri dutena. «Nire ustez gonbidapena da hainbatetan entzun ditugun errealitateak beste begi batzuekin begiratzeko», laburbildu du. Bere ustez, bereziki gauzak «Mendebaldeko altueratik» eta komunikabideek ematen dituzten datuekin begiratzen ditugunontzat gonbidapen edo eskaintza bat da, errealitate ezberdinak beste batzuen begi-bihotzetatik begiratzeko. Kontakizuneko narratzailearen pare, bera, enpatia kontua litzateke, azken finean.
Itzulpen prozesua bederatzi hilabetetan egin dute Reyk eta Etxebarriak, eta jatorrizko kontakizunarekiko fideltasuna ahalik eta finen bermatu nahian, hiru hizkuntzaren galbahetik pasatu dute: gaztelania, italiera eta frantsesa baliatu dituzte.
Turkiako idazle ospetsuena
Pamuk (Istanbul,1952) Turkiako idazlerik ospetsuena da egun. Lehengo garaiak eta oraingoak, Mendebaldea eta Ekialdea uztartzeko abilezia aipatu izan dio nazioarteko kritikak, besteren artean, eta sari garrantzitsu ugari irabazi du, horien artean 2006ko Literatura Nobela.
Presentzia mediatiko handia izan du, gehienetan konnotazio politikoak tartean. Esaterako, prozesatu zuten armeniarren genozidioa salatu eta «turkiartasunari» eraso izana egotzita, hainbatetan mehatxatu dute, Nobel Saria jaso eta gutxira bere lagun kazetari bat hil zuten eta Turkiatik alde egin zuen berak... Saria berari emateak ere sortu zuen polemikarik, aurreikus zitekeen moduan. Turkiara itzuli ei da berriki, ustez aurten kaleratuko duen liburua idaztera.