GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Argi-amaraunen itzalean!

Nazka, kiratsa, hatsa dariola. Okagarri, okaztagarri, goragarri, nardagarri, higuingarri. Beheko zuzenbide-estatuaz nagoela asmatu duzu. Erraz ipini dizut eta. Esadazu egia, ez ote zaizu noiz edo noiz, bihozbera zaudela, buru aldetik pasatu bonba atomikoa helburu humanitarioaz erabili gura izatea? E? Imajinatu kontrol-aretoan zaudela, zure aurrean bost pantaila handi eta hamaika botoitzar, ikusgarriena gorria, eta irratian albistegia ematen hasten direla; ez al zenuke botoi gorria gozo-gozo zapalduko? Bai, badakit, segundo batzuen tarteko zirrara baino ez da, pelikula arteko iragarkirik motzena baino motzagoa, baina gertatu egiten da, niri behintzat, horrelakorik egiteko gogoa buru aldetik pasatzea. Kezkatzen hasiko nintzateke, baina, buru aldetik pasatu beharrean, buru aldean bertan geratuko balitz gogoa, iraunkor, nahiz eta, egia esan, garapen iraunkor ofizialak horretara bultzatzen nauen. Tira!, ez dakit zertara etorri zaidan parabola hau eskuetara, pulpituan ez banago, are gutxiago eliza baten barruan.

Egia esan, Gabonak neuzkan gaur buruan zutabe honetarako hizpide. Egunotan hainbat hiritako kale nagusietan Gabon argi-amaraunak inauguratu dituzte eta. Luzera gabe, abuztuan hasiko dira horiek inauguratzen. Kyoto, goian bego! Eta behean garapen iraunkor ofiziala bego! Hau kolpea, inongo Nobel saridunak orain artean ebatzi gabeko kontua: zelan da posible gero eta bonbilla gehiago piztuta egonda, egunez ere, gero eta itzal handiagoa izatea? Itzela da hori, argiak dakarren itzala, itzalpean gero eta lagun gehiago ditugu eta. Gauzak horrela, abiadura handiko trenak tuneletik ateratzean isiotu beharko ditu argiak, eta amatatu hurrengo tunelera sartzean; protesten hesiak gainditzea lortzen badu, behinik behin. Horra!, euskaldun bakoitzak 520 bat kilo hondakin sortzen du etxean urtean, hemengo erdaldunek beste. Eskerrak hamar urte barru 670 kilo izango direla! Une batez behera egingo genuela pentsatzera heldu naiz, eta hotzikara batek hartu nau, horrexegatik, badaezpada ere, berogailua piztu dut. Azken finean, progresoak prêt-à-porter hura prêt-à-jeter bilakatu du, eta erosteko ahalmena botatzeko ahalmen. Badut, izan ere, zalantza bat: zenbatu egin ditu inork epaitegietan sortzen diren hondakinak? Erreziklaezinak, seguru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo