GARA > Idatzia > Kultura

Umorea ere botika ona dela diote Pirritxek eta Porrotxek

«Eskerrik asko» CDa, egunotan plazaz plaza eramaten hasi diren ikuskizun berriaren ardatza, aurkeztu zuten atzo Pirritxek eta Porrotxek. 18 kanta eta beste horrenbeste ipuintxo biltzen ditu. Guztien «leitmotiva» minbizia da. Izan ere, umorea ere botika ona izan daiteke.

p064_f01_152x112.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Pailazo koadrilakoak ere, tarteka, gaixotzen dira. Oraingoan baten bati ilea erori zaio, zeini eta Mari Mototsi. Baina berak ez du burua zapi batean bildu gaixo bat delako, pirata bat delako baizik. Ospitaleko gela itsasoan galdutako uharte bat da eta ohea, berriz, ontzia. Altxor eta guzti dauka Mari Mototsek.

Hau da Pirritxek eta Porrotxek egin duten ikuskizun berriaren abiapuntua. Ardatza, berriz, atzo aurkeztu zuten CDa, «Eskerrik asko», 18 kanta eta beste hainbeste ipuintxo biltzen dituena. Gehigarri moduan, Julen Tokerok marraztutako komiki bat erantsi diote.

Oraingoan, pailazo lasartearrak elkarlanean aritu dira ASPANOVASekin, minbizia duten haurren familien elkartearekin, alegia. Izan ere, minbizia da ikuskizunaren eta, ondorioz, CDaren leitmotiva.

«Minbiziari buruzko ikuskizuna egin behar duzuela? A ze gai tristea, ezta? Horren inguruan barre egin al daiteke?». Hori omen da azkenaldion behin baino gehiagotan entzun duten komentarioa. Horretaz, zera esan zuen atzo Porrotxek: «Orain dela zazpi bat urte, ASPANOVASen eskutik, ospitalera bisitan joaten hasi ginen. Iaz, Ane ezagutu genuen eta bere gelatik sekulako indarrarekin atera ginen, indar hori hurrengo ikuskizunean islatzen saiatuko ginela sendo erabakita. Ane gaixorik zegoen, baina ez zen gaixo bat; bizi-poza alde guztietatik erakusten zuen, umorea ere oso botika ona dela agerian utziz».

«Halako kasuetan -gehitu zuen Pirritxek-, `zergatik niri?', galdetu ohi dute haurrek, eta kulpa konplexurik ere izaten dute. Sentimendu horiek bazter ditzaten laguntzen saiatu gara, inork ez duelako errurik, hori edonori gerta dakioke-eta. Oro har, minbizia eta gaixotasunaren gaia naturaltasunez, itxaropenez eta alaitasunez lantzen saiatu gara».

Tabuari aurre egiten

Beraz, pailazoak gaia «behar bezala» lantzen saiatu dira, eta langintza horretan betiere ASPANOVAS eta ospitaleko profesional guztien laguntza izan dute. Izan ere, diskoan agertzen den gaixoa Ane (Perez Alberdi) bera da; pediatra, Nagore Garcia Andoin pediatra; irakaslea, Virginia Azpirotz ospitaleko irakaslea eta abar. Horiek guztiak eta beste batzuk egon ziren atzo aurkezpenean, eta aho batez txalotu zuten «Eskerrik asko». ASPANOVASeko ordezkari Nekane Lekuonak esan zuenez, «beldurrak minbizia tabu bihurtu du, eta Pirritx eta Porrotxen lanak gizarteari egoera ezagutarazten dio eta, aldi berean, elkartasuna sustatzen du, haurren eta beren familien bizi baldintzen onerako». Halaber, Garcia de Andoin pediatraren iritziz, «`Eskerrik asko' oso tresna ona izan daiteke haurrek eta gurasoek egoera ulertzeko eta onartzeko, baita borrokatzeko ere». Honi dagokionez, azken urteotan gauzak asko aldatu direla gogorazi zuen. «Orain dela berrogei urte, batez beste minbizidunen %20k egiten zuten aurrera; gaur egun, berriz, haurren kasuetan behintzat, %80k, eta nahikoa bizi kalitate onarekin, gainera».

Ehundik gora laguntzaile

CDaren alor musikalaz gehienbat Xabi Zabala arduratu da. Doinuak konposatzeaz gain, sekulako koordinazio lana egin behar izan du. Izan ere, diskoan ehun lagun baino gehiagok hartu dute parte. Kolaborazioen zerrenda benetan luzea da. Hona laburpen bat: Joseba Sarrionandia (lau kantaren egilea da), Txan Magoa, Oreka TX, Tapia eta Leturia, Imanol Urbieta, Labrit, Eñaut El0rrieta (Ken7), Aritz Mendieta eta Ubeda anaiak (Deabruak Teilatuetan), Ramon Agirre, Ordiziako Musika Eskolako ikasleak eta Zaldibiako haurrak, baita Donostiako suhiltzaileek sortutako abesbatza moduko bat ere. Bukaeran, Lax'n'busto taldeak «Maite zaitut» hitarenen bertsio rockero bat katalanez grabatu du.

BIDEOA

Oraingoan ere, ikuskizun eta CD berriarekin batera, aurreko ikuskizunaren bideoa plazaratu dute Pirritxek eta Porrotxek. Bideo horrek, «Mari Motots» ikuskizuna ez ezik, estra moduan, lau erreportaje eta karaokerako lau kanta ere biltzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo