ERRUGBIA Top 14
Aurten ere Biarritzentzat derbia
Talde zuri-gorria nagusi izan zen zelaian, eta azkeneko minutuetan bakarrik pasatu zituen estualdiak
Jon LEUNDA | BAIONA
Biarritz ez dago ongi, beraietaz espero daitekeena baino gutxiago egingo dute, baina atzo merezita irabazi zuten euskal derbia. Lehen minututik izan ziren etxekoak baino gehiago, eta merezimendu osoz batu zituzten lau puntuak.
Zuri-gorriek gogoz ekin zioten partidari. Presio handia egin zuten zelai erditik aurrera, eta aurrelarien lana bikaina izan zen. Avironek, aldiz, zelai-erdia gainditzeko hamar minutu behar izan zituen.
Kanpotarrak izan ziren nagusi zalantzarik gabe, baina erakusten ari ziren jokoa kaskar samarra zen. Horrelakoetan ostikoek erabakitzen dute, eta lehen zigorrean, kanpotarrek hartu zuten aurrea markagailuan. Atzo ez zegoen Yachvili, baina ordez aritu zen Dupuyk lan ona egin zuen, eta 0-3koa jarri zuen markagailuan.
Orduan saiatu zen hiriburuko taldea zerbait egiten, baina ezin izan zuten, eta Vahafolauk gertu izan zuen zuri-gorrien lehen entsegua, zuri-urdinen huts bat aprobetxatuta, baina tartea luzea egin zitzaion, eta ez zuen asmatu.
Hortik aurrera, aspertzeko tartea baino ez zen izan. Biarritzek kontrolpean zuen neurketa, eta Avironek, aldiz, nahi zuen, eta ezin zuen. Lehen zati honetan Avirongo Haarek eta Peyrasek min hartu zuten, eta horrek ere ez zion etxeko taldeari mesederik egin.
Gauzak lehenean
Bigarren zatian gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Lehen minutuetan etxeko taldea erasora atera zen, partidari buelta eman nahi zion. Presioa ongi eginez hasi ziren, eta lehen minutuetan estu hartu zuten talde zuri-gorria, baina ez zuten aukerarik izan. Biarritzeko jokalariak presio hori gainditu zuten apurka-apurka, eta markagailua gehitzeko bigarren aukera izan zuten, beste zigor bati esker. Julien Dupuyk ez zuen hutsik egin, eta 0-6koa jarri zuen markagailuan.
Kolpea jaso zuen etxeko taldeak, nora ezean geratu ziren, galduta. Hori ederki aprobetxatu zuen Masik partidako lehen entsegua egiteko. Dupuyk, ordea, ez zuen emendatu, eta 0-11koa geratu zen markagailuan.
Orduan bai, Avironekin aurrera jo zuen. Biarritzek, aldiz, metro batzuk atzera egin zituen, eta baloiaren jabetza Baionarrei utzi zien. Horrekin batera, aukerak heltzen hasi ziren, eta Dourthek ez zuen alferrik galdu lehen zigor kolpea aldea murrizteko. Artean bazen esperantzarik.
Biarritz estu eta larri ari zen, eta nabarmena zen Avironek partidari buelta eman ziezaiokeela, baina Brusquek baloia eskuetan hartu, metro batzuk aurrera egin, eta jaurtitzea erabaki zuen, eta baita baloia barrura sartu ere, 3-14ko emaitza ageri zen markagailuan.
Partida oso zail jarri zen etxekoentzat, baina presioa areagotu, eta bultzaka-bultzaka kanpotarren entsegu marratik gertu jarri ziren. Azkenean, Hegik egin zuen Avironen entsegua, eta Dourthek emendatu egin zuen. Partida finitzeko zazpi minutu falta ziren, eta edozer gerta ziteken, baina Biarritzek ongi eutsi zion, eta garaipena erdietsi zuen.
Eguraldia ez zen lagun izan, baina ez zuen atzoko festa zapuztu. Eguerdirako, Baionan autoa aparkatzea ez zen lan erraza, eta Jean Dauguer zelaiko ateak, 13.00etan zabaldu bazituzten ere, oren bat lehenagotik ari zen jendea bertara sartzeko zain.
Kalean, edozein lekutan iageri zen jendea, Avironen jantziekin, zelairako bidean, edo partidara joan aurretik zerbait jaten. Biarritz zaleak ere baziren, baina gutxiengoak. Derbi hauetan, etxetik kanpora zale gutxi joaten da, baina Jean Dauguerrera joan zirenei ederki asko entzuten zitzaien. Zelaira sartuta, jatekoa eta edatekoa nonahi; giroa, benetan aparta izan zen.
Partidako aurkezpena frantsesez eta euskaraz egiten hasi ziren iaz, eta aurten ere jarraipena izan du. Baina ez da atzoko derbiari bakarrik eragingo dion neurria, denboraldi osoan horrela izango omen da.
Partida hasi baino oren bat lehenago hasi zen festa zelaian bertan. Giroa berotzeko, kantariak eta dantzariak aritu ziren, zaleen gozamenerako.
Euskal derbi honek, Euskal Herritik kanpo ere ospe handia hartu du, eta atzo inoiz baino kazetari gehiago izan ziren. Denentzako lekurik ez, eta mordo batek zaleen artetik ikusi zuen partida.