KRONIKA GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Sarriegi, Mendiluze, Maia, Zubeldia, Martin, Agirre, Irazu eta Gaztelumendi
G puntuaren lehia dagoeneko jarria da Illunbeko finalera begira. Atzo Ordizian jokatu zen azken finalaurrekoa eta horrekin itxi da behin betiko finalisten zerrenda: Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Beñat Gaztelumendi.
Amagoia MUJIKA
Kanpoan euria, giro tristea eta iluna zegoen. Saioa hasi baino ordu laurden inguru lehenago azken egunetako atxilotuak gogoan -norbaitek ahazteko modua izan badu behintzat- jende multzo bat igo zen pankarta eskuan hartuta. Hori lehen bertsoa, errimaz eta neurriz biluzia, baina mamiz betea.
Ondoren etorri ziren bertsolariak. Aurreko bi finalerdien antzeko, epeletik joan zen atzoko azkena Ordizian. Entzuleen aldetik beroa izan zen hala ere. 1.500 lagun inguru elkartu ziren Majori kiroldegian eta guztiak ere txalo egiteko gogoz. Bertsolarien aldetik, izan zen ale ederrik eta ariketa txukunik, baina gora-beheratsua izan zen saioa oro har.
Saioa bukatuta, gai-jartzaileak lehen postuan Aitor izena esaterako gehienek Mendiluzeri buruz ari zela pentsatu arren, beste Aitor izan zen lehena atzokoan, Sarriegi alegia. 508 puntu biltzea lortu zuen beasaindarrak. Saio txukuna egin zuen, seguru eta oso azkar aritu zen. Azkarregi kasik. Kartzelakoak abiada bizian bota zituen, presa zuen, nonbait, Illunberako aulkia beretzat gordetzeko.
Mendiluze izan zen bigarrena 506,5 punturekin. Iñaki Gurrutxaga hirugarren, puntutan koska dezentearekin. Oriokoak 473,5 puntu lortu zituen eta, ondorioz, atzoko saioko lehen biek baino ez zuten lortu Illunberako sarrera. Horren ondorioz, Beñat Gaztelumendik finalean sartzea lortu du 488,5 punturekin. Dudarik gabe, txapelketako ezusterik handiena izan da Añorgako gaztea, bere lehen txapelketan finaleraino sartzea lortu baitu.