GARA > Idatzia > Zinema

«Humor en corto» film laburren jaialdiak Kepa Sojo omenduko du

Datorren asteartetik igandera bitartean Arrigorriagako Lonbo aretoan «Humor en corto» film laburren seigarren jaialdia ospatuko da. Umorea oinarri duten hamasei lan lehiatuko dira eta aurten jaialdiak Kepa Sojo zuzendariari omenaldia eskainiko dio.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Arrigorriagako Lanbarri elkarteak seigarren urtez «Humor en corto» umorezko film laburren jaialdia antolatu du. Datorren asteartean, abenduak 11, hasi eta larunbata bitartean Arrigorriagako Lonbo aretoan umorea nagusituko da. Jose Ramon Millan jaialdiko arduradunak azaldu duenaren arabera, «lehiaketa bi atal desberdinetan banatuta dago: alde batetik, aurten hamasei lanek parte hartuko duten sail ofiziala. Eta beste alde batetik, lehiaketatik kanpo, film laburren emanaldiak izanen dira». Hori dela eta, asteazkenean, 19.30etan, sail ofizialaren barne dauden «Sálvame», «El ataque de los criters asesinos», «As de corazones», «Juntos», «Cinco contra uno», «Mosca», «Plan B» eta «Taxi» ikusi ahal izango dira. Ostegunean, ordu berean, gainontzeko film laburren txanda izango da: «La gran revelación», «Atracciones», «No se vaya», «Hendaya», «Y gracias...», «Loturak», «La mitad que yo» eta «Padam».

Aurtengo jaialdiak hasiera berezia edukiko du, izan ere, asteartean, 20.00etan, Kepa Sojo Laudioko zuzendariaren film laburren emankizuna eskainiko baitute: «100 maneras de hacer pollo al txilindron», «Looking for Txentxo» eta «Cuando puedas». Hau ez da izango, ordea, zuzendari arabarrak jasoko duen omenaldi bakarra. Ostiralean, 21.00etan, Sojoren «El síndrome Svensson» film luzea ikusteko parada izanen baita. Ondoren, zuzendariarekin iritziak trukatzeko aukera izango da eta baita making off-a ikustekoa ere. Eguna biribiltzeko, «Humor en corto»-ko antolatzaileek Kepa Sojori «Una vida en corto» saria emango diote.

Baina omenaldiez gainera, ostiralean, 19.30ean, «Arrigorria bizirik» izeneko emanaldia antolatu dute, bertako bizilagunek sortutako film laburren emanaldia hain zuzen. Ekimen honekin zinema mota honen zaleek egindako lanak ezagutarazi nahi dituzte. Ondoren, Javi Chuecak Lanbarri elkartearekin batera egin duen «Love Blood» film laburra aurkeztuko da.

Azkenik, larunbatean, 19.30ean, sari banaketa izango da. Ekitaldia Gemma Martinezek eta Javier Merinok aurkeztuko dute eta bertan saritutako film laburrak ikusteko aukera izanen dute bertaratzen diren guztiek. Sariei dagokienez, epaimahaiak emango duen sari nagusia 1.200 eurokoa izango da; ikusleek aukeratuko dute bigarren saria, 900 eurokoa. Eta gazte saria 450 eurokoa izango da eta Arrigorriagako institutuko ikasleek erabakiko dute. Honez gainera, antzezle onenek ere 200 euroko saria jasotzeko aukera izanen dute.

PARTE-HARTZAILEAK

Jaialdian hamasei lanek parte hartuko badute ere, antolakuntzak ehun lan baino gehiago jaso ditu. Honez gainera lehiatik kanpo hamalau lan izanen dira ikusgai, «La barberia», «Por dinero negro» edota «Limoncello».

Fitxa

Izena: «Humor en corto».

Data: Abenduaren 11tik 15era.

Lekua: Lonbo Aretoa.

Antolatzailea: Lanbarri

Kultur Elkartea.

Film laburrak: «Sálvame», «El ataque de los criters asesinos», «As de corazones», «Juntos», «Cinco contra uno», «Mosca», «Plan B», «Taxi», «La gran revelación», «Atracciones», «No se vaya», «Hendaya», «Y gracias...», «Loturak», «La mitad que yo» eta «Padam».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo