GARA > Idatzia > Eibar

Txikik partida zaila espero du bere talde ohiaren aurka

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Ondoz ondoko bigarren garaipenaren bila bidaiatuko du gaur Eibarrek Las Palmasera; edo, behintzat, daraman ibilbide onari eutsi ahal izateko beharrezko den puntuaren bila. Izan ere, hori ere ez bailitzateke emaitza txarra izango, Txikiren ustez, taldeak jokatuko duen partidak dituen zailtasunak kontuan hartuta.

Zertaz ari den jakin badaki nafarrak, Las Palmasetik etorri baitzen bera Eibarrera. Azken sailkatua errepikatzen ari den esperientzia txarra bizi ondoren, gainera. «Intentsitate handiko urtea izan zen -gogoratu zuen atzelariak-, Bigarren Mailan jarraitzeko borroka asko egin behar izan genuelako. Zorionez, azkenean merezi izan zuen».

Gauzak ez dira asko aldatu eta, aurten ere, «asko sufritzen ari dira. Partida bakoitza, batez ere, etxean jokatuak, final bat bezalakoa izan da haientzat. Gainera, atzetik hasita laugarrenak -kasu honetan Poli Ejido- ihes egiten ari da eta horrek larriagotu egiten du beren egoera. Nahita nahi ez, irabazi egin behar dute; partida oso zaila izango da, beraz». Nafarraren ustez, izan ere, sailkapeneko atzealdean dauden taldeak «goikoak baino arriskutsuagoak dira, premia handiagoa baitaukate eta, horren ondorioz, ehuneko ehuna ematera irtetzen dira beti zelaira».

Egutegi gogorra, beraz, Eibarrek betetzeko duena hurrengo aste hauetan, izan ere, azken hiru sailkatuen aurka -Las Palmas, Xerez eta Albacete- aritu beharko baita. Zorionez, konfidantzaz beteta ekingo dio urteko azken txanpa honi, Polideportivo Ejido menderatua duela. «Etxean segidako bigarren porrota jaso ezkero, oso ikututa egongo ginateke. Baina garaipenak lasaitasun handia eta indarra eman digu hurrengo partidei ekiteko», azaldu zuen Txikik.

Azken saioa

Igandean hain partida ona jokatu arren, Javier Mandiolak ezin izango du hamaikakoa errepikatu, Markel Robles zigortuta dago-eta.

Zorionez, gero eta jokalari gutxiago dago erizaindegian eta entrenatzaileak ez du arazo handirik izango lekeitiarraren ordezkaria aurkitzeko. Azken bi asteotan hainbat minutu jokatu duen David Zurutuza izan liteke Manixen hautagai nagusia, baina azken hiru jardunaldietan hamaikakotik kanpo geratu den Ander Alañak ere aukerak izan ditzake.

Entrenatzaile armaginak, agian, gaur emango du horren gaineko pistaren bat, gorri-urdinek asteko azken lan saioa egingo baitute Ipuruan, 10.30etik aurrera. Markel Roblesekin batera, mindutako beste hiru jokalari geratuko dira Eibarren, hobera egiten egon arren: Mikel Etxabe, Javi Gurrutxaga eta Txiki Lombraña, hain zuzen ere. Jon Altuna eta Nico Medina, berriz, aste osoan taldekideekin batera arazorik gabe lan egin ondoren, jokatzeko prest egongo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo