GARA > Idatzia > Kultura

XVIII. mendeko euskaldunen «misterioak», berriz taula gainean Doke antzerki taldeari esker

Arrasateko Doke antzerki taldeak Pedro Ignacio de Barrutiaren «Actto para la Noche Buena» aurkeztuko du datozen egunetan Iruñean, Donostian, Markinan eta Aramaion. XVIII. mendean idatzitako euskarazko lehenengo antzerki lan honek iaz eduki zuen arrakasta itzela izan zen. Musika, antzerkia eta kantak nahasten dituen antzezle amateurren lana da.

p054_f02_141x109.jpg

Itziar PEREZ

Egunotan urduritasuna azaltzen hasia da Doke antzerki taldeko kideen artean. Urtebete pasatu da Arrasaten, Aramaion eta Agurainen «Actto para la Noche Buena» lana antzeztu zutenetik. Atzo, ordea, Nafarroako Antzerki Eskolan, 20.30ean, emankizun berria eskaini zuten Antzerki Aroa zikloaren barnean. Mariasun Pagoaga taldeko kideak azaldu duen legez, «duela lau urte sortu zen Doke antzerki taldea Arrasaten. Herriaren inguruko historiaren zatitxo bat antzezteko asmoa agertu zen. Nahi gabe, hamabost pertsona bildu ginen proiektu berria martxan ipintzeko eta «Eskuak elkarri» obra taularatu genuen, Arrasate erre zeneko pasartea kontatzen duen lana».

Hori egin eta gero, «zergatik ez dugu jarraitzen?», galdegin zioten beren buruari eta Jose Mari Velez de Mendizabalek Ignacio de Barrutiak XVIII. mendean idatzitako euskaraz antzezteko egindako lehenengo lana moldatu zuen, «Actto para la Noche Buena» izenekoa.

XVIII. mendean Pedro Ignacio de Barrutia aramaiarrak idatzitako obran Eguberritako misterioaz hitz egiten da. Obran azaltzen diren hainbat xehetasun aldatu badituzte ere, idazleak islatu zuen filosofia bera mantendu dute. Horregatik, Belen Nazareten kokatu beharrean Arrasaten kokatu dute, eta bertan ospetsuak diren pertsonaiak barneratu dituzte, Maritxu Kajoi edota artzaiak, esate baterako. Honez gainera, emazteak adarrak jartzen dizkion personaiaren itxura dauka San Josek, izan ere, Ama Birjina haurdun baitzegoen eta berak ez omen baitzuen horretan zerikusirik. Deabruak, aldiz, pailazo gisa irudikatu dituzte.

Itziar Rekalde Doke taldeko zuzendaria da eta taldearekin lan egin duen lehenengo aldia izan da. Haren esanetan, «oso esperientzia polita izan da, egindako lanarekin asko ikasi dugu, bai antzezleek eta baita nik ere». Aspalditik ezagutzen zuen Pedro Ignacio de Barrutiaren lana. Duela 25 urte Aramaioko Udalak, inguruko beste herrietako laguntzarekin, Barrutiari omenaldi bat egin zion. Garai hartan Oiartzungo Intxixu antzerki taldeak taularatu zuen idazlearen lana.

Antzezleak zuzentzeko topatu dituen arazoez ere galdetu diogu Itziar Rekalderi. «Obra guztiek dute beren zailtasuna. Nik ez nuen taldea ezagutzen, talde oso zabala eta heterogeneoa da: adin desberdineko kideek osatuta dago, 20 eta 60 urte bitarteko jendea. Halere, oso diziplinatuak izan dira».

Obra honen aurrean bi kezka nagusi izan zituen Rekartek: «alde batetik, aipatutako aniztasunari aurre egitea eta, beste alde batetik, 1720 urtean idatzitako kutsu erlijiosoa duen obra bat ekoizteko modua asmatzea. Azken finean, jendearengan interesa piztuko duen obra ekoitzi behar genuen».

Iazko emankizunek lortutako arrakasta helburua lortu duten seinale da. «Iaz jendea oso pozik eta oso gustura gelditu zen ikusitako lanarekin. Alde horretatik oso kontent eta harrituta nago, izan ere, izenburua irakurtzen duenak obra erlijioso baten aurrean dagoela usteko du». Hori hala izan ez dadin, lana erabat deskontestualizatu zuen idazlearen espiritua jarraituz. «Barrutiaren inolako eszena-argigarririk ez dugu, ezta bere asmorik ere. Berak pentsatzen zuena imajinatzen saiatu naiz. Horregatik, berak Bibliako pasarte bat aukeratu zuen eta bertan Jose eta Maria Belenera iritsi ordez Arrasatera iritsi ziren. Hori mantendu egin dugu».

Antzezlanaren beste ezaugarrietako bat musika da. Barrutiak ekitaldi bakoitzaren atarian kanta bat ipini zuen sarrera moduan. «Guk hitzak besterik ez genituen eta musika sortzeko arduraduna Sabin Salaberri izan da. Ohore handia izan zen Salaberri musika egiteko prest agertu zenean», esan du Rekaldek. Ondorioz, antzezleak antzezle izateaz gainera, dantzari eta abeslari dira.

Hasiera batean, antzezlana iaz soilik taularatzeko asmoa zuten baina, herri ezberdinetan sortu den interesaren ondorioz, aurten Arrasatetik kanpo arituko dira. Iruñeko emankizunaz at, abenduaren 20an eta 21ean Donostiako Principal Antzokian jokatuko dute. Hilaren 23an, aldiz, Markinan izango dira eta, bukatzeko, 29an azken emankizuna Aramaion eskainiko dute. Ikusle ezezagunak izango dituzte aurrez aurre. Musika eta komediaz gozatzeko aukera ezin hobea.

Fitxa

«actto para la noche buena»

Zuzendaria: Itziar Rekalde.

Gidoia: Josemari Velez de Mendizabal, Pedro Ignacio de Barrutiaren testuan oinarrituta.

Antzezleak: Mariasun Pagoaga, Marixabel Arsuaga, Joxe Eugenio Otaduy, Josu Jauregui, Arantza Escurra, Marga Mercader, Eugenio Etxebeste, Mikel Escurra, Elena Velez de Mendizabal, Mikel Irastorza, Saioa Iturbe, Igor Fernandez, Itziar Rosado, Mikel Dominguez, Josemari Velez de Mendizabal.

Musika: Sabin Salaberri.

Iraupena: 60 minutu.

Generoa: Komedia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo