GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Santa Lutzitako feria Zumarragan eta Urretxun

Hotzak ez zituen uxatu neguko feriarik ospetsuenean izan ziren ehunka lagunak

Hotzak tajuz hormatu zituen atzo Urretxu eta Zumarragako kale bazterrak; ez zen bestela, Santa Lutzitako ohiko feria izango. Baina aziendak, barazkiak, eta orotariko produktuen nahiz erakustaldi nahiz lehiaketak ikusmiratzen aritu ziren ehunka pertsonak ez ziren gehiegi kexatu, giro paregabean egon baitziren eguzkiak majo jo zuen bitartean.

p010_f01.jpg

p010_f02.jpg

Gari MUJIKA

Goiztiarrenak, betiko legez, artisauak, baserritarrak eta, erakusgairik eraman ez arren, ganadu-traturako prest zeuden hamarka lagun. Batzuek, feriaz gozatzera bertaratu ziren ehunka lagunak iritsi baino lehen postua galanki atondua edukitzeagatik; bes- teak, behin jende uholdea iritsita, ganadu-tratuak ixteko aukerak erruz murrizten direnaz jakitun direlako aspaldidanik.

Hala, goizeko 6.00etatik bertan zegoen, gertu, Juan Etxegoien oiartzuarra. Azken 40 urteetan, sekula falta gabe, ur- tero-urtero, Santa Lutzitako ferian parte hartu baitu. Baita edizio ugaritan irabazle suertatu ere. Atzo, hamairu moxal eta hamar poney eraman zituen Zumarragara. Halere, ez zebilen oso pozik. Azienda saltzeko zail ikusten zuen eguna; iaz denak saldu omen zituen arren, aurten sektorea «asko zaildu eta gehiago okertu» duen elementua sartu baita: pentsuaren prezio igoera. Horrekin, ganadua ere ga- restiago saldu behar. Baina ez zuen guztiz asmatu; moxala izan baitzen gehien saldu zen etxaberea: 211 buru lehiatu ziren eta horietatik 126 eguerdirako salduak zeuden.

Zaldiak, abere preziatuenak

Behorrak, pottokak, astoak, mandoak, ahuntzak, ponyak, oilarrak, oiloak, kapoiak eta behi batzuk ere bildu zituzten. Baita Santa Lutzitako feriek berezkoa duten ezaugarria ere: zaldiak.

Baziren trostan ibiltzeko zaldi ederrak, guztiak zuriak; eta hazitarako zaindutakoak ere. Baina gehienbat, guztietan ikusgarrienak, haragitarako zaldi galantak. Hogeita bi buru ikus zitezkeen; nor baino nor gihartsuago. Idiazabalgoak eskuratu zuena lehen saria; eta bigarrena, Orbaizetakoak. Joxe Domingo Ariztimuño zegamarrak ere aurkeztu zituen lauzpabost zaldi lehiaketara, baina aurtengoan ez zuen saririk eskuratu.

Gipuzkoan, zaldiaren haragia jateko ohitura handirik ez dagoela aitortzen du Ariztimuñok, baina, oraindik orain, Tolosako bi dendetan, bederen, saltzen dela adierazi du. Bizkaian, ordea, errotuago dago zaldi haragia jatea. Zegamarrak dioenez, zaldiak gizendu eta gero, produkzioaren gehiengoa Italiara saltzen da, egun.

Metro gutxi batzuk aurrera egin, eta gizon bat zaldi baten hortzei begira ari da. Itxura ederra dauka abereak, baina ez dio konbentzitu hortzak behatu eta gero. Aurreraxeago, bestetik, bi gizonek bostekoa eman diote elkarri. Tratua itxi dutenaren seinale. Horrek ere haragitarako zaldia eramango du etxera.

Zumarragako plaza nagusian, baita Urretxun ere, barazki, fruta eta errezil lehiaketan parte hartzen ari zirenen postu andanaz gain, artisauak, erroskila postuak, loreak, zuhaitzak, baserriko lanabesak eta beste hamaika erakusgai aurki zitezkeen. Maitane Agirre gabiriarra ere goizeko 6.00etatik zebilen postua atontzen. Bera, Zumarragan, eta ama, Urretxun. Askorik saldu ez arren, lehiaketan parte hartzearen ilusioak bultzatuta azken hamar urteotan Santa Lutzitan izan dira. Zorteko ibili ziren gainera, bai errezil, fruta zein barazki lehiaketan saria eskuratu zuten-eta.

Eguerdirako jendez borborka zeuden Zumarragako eta Urretxuko kaleak. Jaia hasi besterik ez, izan ere, pilota eta artzai-txakur lehiaketaz -ardirik ez zenez, antzarrekin egitekoa-, eta parranda itzelaz gozatzeko aukera izan baitzuten bertaratuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo