GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Periodikua letuz...

Mamitsu zetorren egunkari honen asteazkeneko alea. Zoritxarrez. Hala ere, analisirik zorrotzenak baino argitasun gehiago eman ziguten lehen orrialde haietako elkarrizketak eta errepresio balantzeak.

Jose Luis Elkoroz ez dut nik gauza handirik esango, haren ibilbidea, borrokaren, koherentziaren eta apaltasunaren sinonimo, nahikoa adierazgarria da eta. Haren konpromisoak eta adinak, berriz, urte askoan herri honen gorabeheren lehen lerroko lekukoa ez ezik, eragile nagusietakoa ere bihurtu dute, eta bere, ezker abertzalearen eta oro har, edozein ezkertiar eta abertzaleren egoera mingarritik, azken 30 urteetako bide neketsuaren balorazioa egin zuen. Neketsua izan baita ezker abertzalearen bidea, ezinago neketsua da, baina Elkororen hitzak irakurri ondoren, emankorra ere erantsi beharra dago.

Argigarria, era berean, arestian esandako balantzea, zorabiatzeko moduko zenbakiak biltzen dituena. Hiru hilabetean 150tik gora atxilotu, haietatik 100 inguru kartzelatuak, 25 tortura salaketa... eta eskandaluzkoak eta onartezinak izan arren, ohikoak bihurtuta, preso gaixoen tratu miserablea, Auzitegi Gorenaren doktrina ezarri eta zigorra luzatzea... Argigarria Europar Batasuneko estatu batean, eskubideen eta balio demokratikoen jagole Europako estatu batean pentsaezinak baitziruditen horrelako zifrek, ekonomiaz edo demografiaz hitz egin gabe, behinik behin. Eta egiazkoak dira, estatu horren izaera demokratikoa ez bezala. Hiru hilabeteko balantzea da, eta hiru hilabete horietan Estatuaren Gobernua ez zegoen eskuinaren eskuetan, GALen garaian bezala. Lehengoan Madrilgo Parlamentuan PP bakarrik geratu omen zen EAE-ANV legez kanporatzeko proposamena aurkeztu zuenean. Edozein demokrata poztu egingo zen gainerako alderdiek, PSOEk batez ere, proposamen antidemokratiko haren alde ez egiteagatik. Halako astakeria aipatzea ere... Ez, PSOE ez zen agertu alderdi abertzalea legez kanporatzearen alde Kongresu espainolean, PSOEk iragarri egin du behin eta berriz. Eta, seguruenik, egin egingo du. Horretara ezer konponduko duen ez dago horren argi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo