PSEk Elgoibarren duen egoitzari eraso egin diote
GARA |
Ezezagun batzuek PSE alderdiak Gipuzkoako Elgoibar herrian duen egoitzari eraso zioten atzo gauerdian. Erregaiz bustitako gurpil-pneumatiko bat Urasandi kaleko egoitzaren atarian jarri zuten, eta ondotik su eman zioten. Erasoaren ondorioz, egoitzaren atea ixten zuen pertsiana garren eraginez belztu egin zen, eta suak sortutako beroa zela-eta, hainbat leihotako kristalak hautsi egin ziren. Erasotzaileek kalearen bi aldeetan sutan zeuden zaborrontziak jarri zituztela jakinarazi zuten PSEtik.
Ertzaintzaren iturrien arabera, erasoa atzo 0.30ak aldera gertatu zen, eta PSEren egoitzako sutea itzaltzeko suhiltzaileen lana beharrezkoa izan zen.
Elgoibar-ko PSEko zerrendaburu den Ovidio Campillok EAE-ANV-ri «isiltasuna hautsi eta indarkeria gaitzesteko» eskatu zion. EAE-ANV alderdiari eskaera hori egin zioten eragile gehienek, baina horretaz gainera, Gipuzkoako Batzar Orokorreko lehendakari den Rafaela Romerok gainerako alderdiei ere egin zien eskaera: Instituzioetako karguei beren jarrera eta jendaurrean egindako adierazpenak neurtzeko eskatu zien, hala «indarkeriaren kultura bultzatu ez dezaten».
Atzo arratsaldean, gainera, Lekeitioko Bake Epaitegiari eraso egin zitzaion, bi molotob koktel jaurtitzearen bidez. Kalteak ez ziren handiak izan, Barne Sailak zehaztu zuenez; eraikineko sarreran dagoen pertsiana belztu zuen sabotajeak.