GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Ugarteburu eta Azurmendi sailkatu dira hurrengo faserako

Arriarangoak eta Ezkiokoak beren multzoko bi proba irabazi dituzte, eta azkenekoan gertatzen dena gertatuta ere, lehenengoak izango dira

p048_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA | URRETXU

Iñaki Azurmendik eta Joxe Ugarteburuk atzo lortu zuten Binakako Urrezko Aizkorako final laurdenetan lehiatzeko txartela, azkeneko jardunaldian gertatzen dena gertatuta ere, hirugarren multzoko lehenengoak izango direlako.

Atzo Otaño eta Lasa izan zituzten aurrez aurre, eta minutu eta erdiko abantailaz irabazi zuten. Beraz, lehen faseko bi ekinaldiak irabazi egin dituzte Arriarangoak eta Ezkiokoak.

Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoz moztu neurtu ziren. Aizkolari bakoitzak enbor erdia erdibitu behar zuen. Otaño eta Lasak 40 kolpez erdibitu zuten, eta aurkariek bat gehiago behar izan zuten. Bigarren lanean, aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako erdibitu behar zuen, eta Ugarteburuk eta Azurmendik lehen garaipena erdietsi zuten. 2.05 izan zen beren denbora eta hamar segundo irabazi zizkieten aurkariei.

Hirugarren lanean, txanda librean 60 ontzakoa moztu behar zuten, eta oraingoan Otaño eta Lasa gailendu ziren. 3.43 izan zen beren denbora, eta bost segundotako aldea kendu zien amaieran irabaziko zuen bikoari. Laugarren enborrean, 45 ontzako bat zutik, eta bestea etzanda moztu behar zituzten, eta hor Ezkiokoa eta Arriarangoa izan ziren onenak, eta amaierako garaipena lortzeko bidea egin zuten, gainera, tarte handia zabaldu zutenez. 2.18 izan zen beren denbora eta 2.49 Ibarrakoarena eta Legorretakoarena.

Hori amaitutakoan, bi 60 ontzako izan zituzten aurrez aurre, eta berriro ere, Iñakik eta Joxek ez zuten hutsik egin, eta 4.57n amaitu zituzten lanak. Aurkarien denbora, aldiz, 5.23. Azkeneko ekinaldian, txanda librean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor ere Ezkiokoa eta Arriarangoa izan ziren onenak. 10.36 izan zen beren denbora, eta 11.04 aurkariena. Lan guztiak burutzeko, 24 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Ugarteburuk, eta 25 minutu eta 54 segundo, berriz, Otañok eta Lasak.

Arrospide eta Aierbe

Anjel Arrospidek eta Iñaki Aierbek ere final laurdenetan izateko urrats handia eman zuten. Laugarren multzoan lehen fasean jokatu beharrekoak jokatu dituzte, baina saio bat irabazi dutenez, aukera asko dituzte. Txapartegiri eta Etxebesteri, berriz, zailago egingo zaie. Azken saioan, Peñagarikano eta Arria izango dituzte aurrean. Aierbe II.a aritu zen atzo Zubiagaren ordez, azken hori min hartuta baitago. Ataundarrak lan ona egin zuen. Kolpekakoan, Arrospide-Aierbe bikotea nagusitu zen 41 kolpetan erdibutu zuten-eta, zazpiko aldea hartu zieten aurkariei. Bigarren lanean, Txapartegik eta Etxebestek lortu zuten garaipena. 2.0 izan zen horien denbora, eta zazpi segundotako aldea lortu zuten. Hirugarrengoan faboritoak gailendu ziren. Horko denbora, 1.51 izan zen, eta 32 segundotako tartea egin zuten. Laugarren lanean, Igeldokoa eta Aizarnazabalgoa nagusitu ziren. 2.08 izan zen beren denbora, eta lau segundo murriztu ahal izan zituzten. Bosgarrenean, berriro ere faboritoak nagusi. 4.51 izan zen beren denbora eta bederatzi segundo atera zituzten.

Beste aldetik, txanda libreko proba luzean, 9.53 segundotako denbora egin zuten irabazleek, eta aurkariena, berriz, 10.15ekoa. Lan horiek guztiak burutzeko, 21 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Aierbek, eta 22 minutu eta 35 segundo, berriz, Etxebestek eta Txapartegik.

Hilaren 22a bitartean ez da lehiaketako beste saiorik egingo

Urrezko Aizkoraren hurrengo ekinaldia hilaren 22an izango da eta Mutrikun eta Arrasaten egingo dira saioak.

Mutrikun, Fausto Mugertza eta Joxejuan Barberena, Larretxea eta Atutxa II.ren aurka neurtuko dira. Azken horiek irabaziz gero, sailkatu egingo dira.

Arrasaten, Nazabal eta Mugertza II.a, Senosiain anaien aurka lehiatuko dira. Lehen bikoak irabazten badu, aurrera egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo