Euskararen Nafar Institutuak badu zuzendaria, euskararen normalizazioak baliabiderik ez
Euskararen Nafar Institutua sortu zenetik hiru hilabetera Nafarroako Gobernuak Xabier Azantza, atzo arte Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari, haren zuzendari izendatu du. Ezin ukatu jardun horretarako gaitasun handiko laguna dela. Alde horretatik zalantza gutxi egin litezke. Baina zalantza handiak daude izendatze hori eta Institutua sortzea bera ez ote diren itxura aldaketa huts baten ondorio. Pentsa daiteke Nafarroako Gobernuak nafar gizarteak behartuta egiten dituela horrelako urratsak, edo urratsak izan beharko luketenak; izan ere, ikusteko dago benetan euskara normalizatzeko balio duten. Gobernuak hartarako interesik duen, alegia, hitzez ez ezik, jardunez ere erakutsi beharra baitago, eta nekez sinets daiteke normalizazio horri ekiteko beharrezko baliabideak jartzen ez dituztenek euskararen aldeko apustua egin dutela. Aurrekontuak, esate baterako, ez baitira euskararen beharren araberakoak, Kontseiluak oraindik orain esan duenez; euskararentzat hain kaltegarria den Euskararen Foru Legea, sustatu beharrean, oztopatu egiten duen Legea, legegintzaldi honetan ere ez dutela ukitzeko asmorik iragarri baitute. Guztiz frogatu gabe dute, beraz, euskararekiko interesa.