GARA > Idatzia > Ikusmira

AHT eta demokrazia bitxi baten aukera berria

Magdalena Alvarez Sustapen ministroak atzo Euskal Herrira egin zuen bisitan ez zen etorri Abiadura Handiko Trenari sostengua ematera, haren inposizioa berrestera baizik. Saiatu zen argi uzten ez dutela proiektuari dagokionez atzera egingo. Nuria Lopez de Gereñu Lakuako sailburua bat etorri zen berarekin eta, bide batez, biak ala biak azpiegitura erraldoi horren kontrakoak, ustezko kanpaina ilunekin lotzen saiatu ziren. Baina ministroak gauza gehiago ere argitu zuen, eta proiektuaren inguruan zalantza gehiago sortu zituen. Gobernu espainolaren prozedura demokratikoen gaineko zalantzak, alegia. Izan ere, Alvarezek onartu zuen Rodriguez Zapateroren Gobernua lur desjabetzetarako laguntza ematen ez duten udalak ordezteko aukera aztertzen ari dela. Hartara, alkate batek desjabetze aktak sinatzeari uko egingo balio, bere ordez Gobernu espainoleko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariek izenpetuko lituzkete, eta demokraziaren kontzeptu berri eta bitxia indarrean jarri. Lakuako Gobernuko ordezkari Lopez de Gereñuri ere, antza denez, ez zitzaion gaizki iruditu aukera hori. Baina, gutxieneko ikuspuntu demokratiko batetik onartezina bada ere, ez da eman lezakeen bezain harrigarria, AHTren proiektua nola kudeatu duten eta nola aurrera eraman nahi duten ikusita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo