GARA > Idatzia > Zinema

«Heroes» telesail arrakastatsua euskaraz gozatzeko parada

Euskarazko filmak DVD formatuan eta zirkuitu komertzialetan txertatzeko «Zine gehiago + Euskara gehiago» egitasmoa jarri du abian Jaurlaritzak, eta urteko 40 film plazaratzea aurreikusi dute. Lehen emaitza kalean da: zortzi film luze eta «Heroes» telesail entzutetsua.

p065_148x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, Miren Azkaratek, eta EITBko Zuzendari Nagusiak, Andoni Ortuzarrek, «Zine gehiago + Euskera gehiago» egitasmoaren berri eman zuten atzo, Euskal Irrati Telebistako egoitza berrian, zine ekoiztetxe eta banatzaileen ordezkaritza zabal aren aurrean.

Egitasmoak euskarazko filmak DVD formatuan eskaini eta zirkuitu komertzialetan txertatzeko helburua du, euskarazko bertsioa duten pelikulei bide berriak zabaltzeko.

Euskaraz bikoiztutako edo euskarazko azpitituluak dituzten pelikulak DVD euskarrian, alokatzeko lehenengo, eta saltzeko gero, eskainiko dira eta horretarako hitzarmena sinatu dute pelikulen eskubideak dituzten banatzaileekin.

Egitasmoak, lehen bi urteetan, berrogei lan egitea aurreikusten du, eta horretarako, aurrekontuetatik 400 mila euro gorde ditu, bai aurtengo, bai datorren urterako.

Euskarazko pelikulen zabalkundea bultzatzea du xede egitasmoak eta filmek jada zinema areto komertzialetan estreinatutakoak beharko dute izan. Ohiko zabaldibeen bidez jarriko dira salgai edo alokairuan eta beste zenbait hizkuntzarekin batera, euskarazko aukera ere izango dute, pelikulen atzeko azalean garbi azaldua.

Kultura Sailak kudeatuko duen egitasmoak EITBren lankidetza jaso du zinema alorreko enpresekin (banatzaileak eta beste) kontaktua egiteko. Eskaintza berri hau azken hamarkadan jorratu den «Zinema euskaraz» programari gehitu zaio, euskarazko kultur eskaintza osatu eta euskarazko aisialdi kontsumoa sustatzeko asmoz. Programaren bidez areto komertzialetan euskarazko filmak estreinatzen dira, dozena bat urteko.

Lehenengo emaitzak

Urtero berrogei titulu plazaratzea da egitasmoaren asmoa. Lehenengo emaitzak kalean dira jada, eta «Heroes» telesaileko lehen denboraldia da bertako izarra. Universal etxearen telesailaren ordu beteko 23 atal eman dituzte argitara, zazpi DVDtan. Gainera, prest daude zortzi film luze ere: Tripictures etxeko «Number 23» eta «Fur/Obsesio baten erretratua», New World etxearen «Arthur and the Minimoys», On Pictures etxearen «Casandra´s dream» eta Filmax etxearen «88 minutes», «The Contract» eta «Rob B Hood» dira momentuz eskuragai ditugun filmak. Datozen hilabeteetan eskaintza zabaltzea espero da, arestian aipatutako kopurura iritsi asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo