Jornada de protesta contra la «estrategia de guerra»
«Eraso hauei aurre egiteko sistema bakarra dugu: herria kalean egotea, borrokan»
Une latzak bizi izan dituela aitortu arren, jasotako babesa «izugarria» izan da bere iritzian. Orain, «kalean egoteko garaiak» direla uste du, baina goiz ala berandu Euskal Herriak irabazi egingo duela argi du.
Nola gertatu zen Xabierren atxiloketa? Eta nola bizi izan dituzue atxiloketa osteko egun hauek?
Ezusteko izugarria izan nuen. Banekien edozein unetan gerta zitekeela baina, bapatean, hiru atxiloketa egin zirela esan zuten eta orduan konturatu nintzen unea iritsi zela. Atxilotu zutenetik kartzelan zegoela jakin arte pasatako denbora oso gogorra izan zen. Atxiloketa bera ere, gogorra izan zen. Kale erdian, kotxeak gurutzatuta eta pistolak ateraz...
Guardia zibilek eraman zuten Xabier eta ezin ditut ahaztu Egunkaria auzian bahitu zutenean jasanarazitako torturak. Une batez, oroitzapen horiek guztiak berritu egin ziren. Hala ere, Soto del Realen zela, minutu erdiz, berarekin hitz egin nuenean hasi nintzen berriz arnasa hartzen. Behintzat kartzelan dago! esan nion neure buruari, tristea da baina poztu egiten gara han dagoelako, Guardia Zibilaren esku egon beharrean. Sentsazio pertsonal gogorrak izan ditugu, bi minutu besterik ez zuen izan haurrari ikastolan agur esateko. Haurrak oso argi zuen edozein unetan aita eraman egingo zutela baina gertatu denean... Ez dago eskubiderik hala eramateko. Bederatzi urtetan zehar, deitu izan dituzten guztietan han egon dira, kalean egin dute euren bizitza osoa... Gorrotoa, mina sentitzen duzu haien jokaera ikusita baina beno... Hau Euskal Herriari egurra emateko beste modu bat da, eta gu horrela sentitzea nahi dute. Aurre egingo diogu baina, beste hainbatetan aurre egin diogun moduan.
Zer moduz dago Xabier bera?
Bera ongi dago, baina oso urduri somatu nuen. Auzipetu dituzten gaixoak espetxetik atera ahal izateko abokatuekin egoteko besterik ez zidan eskatzen. Bera Valdemoroko espetxean dago, orain, eta beste hainbat kide ere berarekin batera; hala, batak bestea lasaitu egiten du, eta adorea ematen diote elkarri.
Kalera ateratzeko auzipetuek egindako deialdiak daukan garrantzia zein da ? Nola baloratzen duzu?
Garrantzia izugarria dute deialdi horiek. Auzipetuek egindako deialdiak ez dira pertsonalak, hau da, ez dute nahi beren buruak salbatzeko hitzordua, ez dute beraiei laguntzeko eskatu. Euskal Herriari eskatu diotena kalera ateratzea da, benetan egiten ari direna ez onartzeko eta hori agerian jartzeko. Auzipetuek argi adierazi zuten gurekin hasi direla baina ez dela hor bukatuko. Haiek gerra posizio batean daude eta horri aurre egiteko bide bakarra herria kalean egotea da, borrokan.
Bestalde, guretzat, senide garenez, maila pertsonalean, garrantzitsuak dira oso, halako deialdiak. Bakarrik ez gaudela konturatzen gara. Hala eta guztiz ere, garrantzitsuena da herria jabetzea gertatzen ari denaz. Euskal Herri osoak ikusi behar du honako auzia eta epaia independentziaren aurkako eraso direla, beste bat gehiago, eta ziurrenik ez dela azkena izango.
Euskal gizarteak zer nolako babesa eskaini dizu egun hauetan ?
Euskal Herri osoari eskerrak eman nahi dizkiot honen bidez. Jaso dugun babesa izugarria izan da. Eguneroko bizitzan ez zara ohartzen ondoan duzunaz, baina halako gertakari baten aurrean konturatzen zara hor dituzula, bai familia, bai lankideak, herritarrak... Euskal Herriko edozein txokotatik jaso ditut deiak, keinuak, babesa... Ikusgarria izan da. Estatu espainolak terroristatzat jotzen dituen horiek, oso maitatuak dira euren herrian. Auzipetu bakoitzak Euskal Herriaren alde egindako lan xumea asko eskertu dute haren ingurukoek.
Gure haurrari agertutako elkartasuna ere handia izan da. Ikastolan bertan, bai haurrek, bai guraso eta irakasleek asko babestu dute gure haurra. Momentu latz hauetan aurrera egiteko oso garrantzitsuak dira halako keinuak, ttikienak ere ezinbesteko ditugu. Gainera, gure Euskal Herri hau zelako bizirik dagoen erakusten du horrek, baita ere halakoak denoi jasanarazitako erasotzat hartzen direla.
Datorren astezkenean emango da epaia. Zein da zuek duzuen itxaropena?
Itxaropenik? Bat ere ez. Estatuarekin ez dugu esperantzarik. Ez dugu inoiz izan, ezta izango ere. Uste dugu egindako filtrazioaren antzekoa izango dela epaia ere; epai hori erabaki politiko hutsa baita, Estatuaren erabakia. Datorren astezkenean, hilak 19, zirko mediatiko bat egingo dute Madrilen. PSOEri une hauetan interesatzen zaiona, martxoko hauteskundeei begira, hori da.
Epai horrekin Euskal Herria zigortu egin nahi dute. Zigortu eta beldurtu. Euskal Herriaren aldeko lana albo batean uztea da bilatzen dutena lan horretan ari direnak atxilotuz eta beldurtuz. Horixe da nahi dutena, euren aurrean belauniko jartzea. Baina ez dute lortuko. Datorrena datorrela, guk aurre egingo diogu, indartsu gainera, badakigu-eta irabaziko dugula. Hemen ez da ezer amaituko. Jende asko pasa da eta ari da pasatzen egoera honetatik. Baina, zorionez, Euskal Herri honek baditu seme-alaba asko.