GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lasserrek autobide proiektua ezeztatzeko asmoa jakinarazi dio Nafarroako Gobernuari

Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak ofizialki jakinarazi dio Nafarroako Gobernuari 2x2 autobidearen proiektua bertan behera utziko duela. Garraioetako kontseilari Laura Albak erabakiarekin ez dagoela ados adierazi du, baina egitasmo hori baztertutzat jo du.

p016_f01_199x116.jpg

Arantxa MANTEROLA|

Nafarroako Gobernuko kontseilari Laura Albak atzo iragarri zuen Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi Jean-Jacques Lasserrek jakinarazi diela Pirinioz gaindiko, edo 2x2 izeneko autobidearen proiektua bertan behera utziko dutela.

Duela egun gutxi Baionan egindako bilera batean adierazi omen zien Lasserrek 2003an hitzartutako proiektuarekin aurrera egiteko asmorik ez zutela. Hiru arrazoi nagusitan oinarritu zuen erabaki hori.

Batetik, Estatu frantsesak garraio azpiegiturei dagokionean berriki hartutako norabideak ez du errepide handien garapena aurreikusten eta, hortaz, halakoei finantziazio biderik ematea ere ez. Bestetik, Akitaniako Kontseiluak ez du proiektua bultzatzeko asmorik, azpiegituren arduradunak guztiz aurka dau- delako. Azkenik, autobideak zeharkatzen dituen herriek aurkakotasuna handia agertu dute.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak erabaki horrekin bat ez datozela adierazi zuen eta «erabat okertzat» jo du «komunikazioa hobetuko lukeen bide estrategiko horren aurka daude- nen jarrera».

Ahatik, Piriniotako ibarrak Iruñearekin eta Nafarroako gainerako eskualdekin hobeto komunikatzeko helburu horri Nafarroako Gobernuak eutsi egiten diola adierazi zuen Albak eta gaineratu zuenez, «Frantziarekin bide loturak hobetzeko egindako lanaren zatia aprobetxatu» egingo dute.

Alba kontseilariak jakinarazi zuen, halaber, gaur bertan, Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrak egingo duen bileran, Lasserrek baimena eskatuko duela 2003ko martxoren 12an bi erakundeek sinatutako hitzarmena bertan behera uzteko.

Orain dela hilabete bat, elkarrizketa batean egun batzuk lehenago egindako adierazpenen harira, 2x2ren proiektua uzteko asmoaren inguruko aipamen bat egin zuen Lasserrek Paueko Kontseiluan. Saioa istilutsua izan zen kontseilari nagusiak ez baitzuen halako erabakia bozketa bidez berrestea nahi izan, hainbat kontseilarik hori egiteko eskatu zioten arren.

Sinesgarritasun gutxi

Jarrera hori ikusita, autobide proiektuaren aurka aspaldi dabilen Leia elkarteak berak ere auzitan jarri zuen Lasserren asmoaren egiazkotasuna eta salatu zuten, lehen ere, batik bat hauteskunde garaia hurbiltzen denean, antzeko asmoak agertu izan dituela eta gero dena delako proiektuarekin aurrera jarraitu izan duela kontseilariak.

Bilera eskatu zioten kontseilariari bere hitzak zuzenak diren egiaztatu ahal izateko baina ez dute erantzunik jaso.

Gorabehera horien guztien erdian, Nafarroako Gobernuak Lasserreren asmoaren berririk ez zuela adierazi zuen. Atzo, ordea, zuzenean jakinarazi zitzaiela azaldu zuen eta 2x2 autobide proiektua baztertu egin dela onartu zuen Albak. «Hitzarmena ezereztatzeko eskaera ofiziala jaso bezain laster, egin beharreko administrazio tramiteak» abian jarriko dituela esan zuen.

Bideak hobetu

Autobide proiektuaren aurka azaldu diren eragile eta taldeek ez dute inoiz ukatu Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia lotzen dituzten errepideak hobetzeko dagoen premia. Ez hori soilik; Ipar Euskal Herriko barnealdea eta kostaldea ere hobeto komunikatzeko eskaera behin baino gehiagotan egin izan dute.

Leiak berak, esaterako, zehaztasunetan sartu gabe, onartu egiten du beharrizan hori baina, beti ere, «herritarren benetako premiak eta haien adostasuna» lehenetsi behar direlakoan. Euskal Herriko Laborantza Ganberak 2x2 proiektuak kaltetuko lituzkeen nekazaritzako lurren xehetasunak emateko aste honetan bertan egindako agerraldian, hainbat proposamen aurkeztu ditu komunikazio bideok hobetzeko.

D-933 errepidea hobetzeak barnealdeko beharrei erantzutea eta Nafarroa Garaiarekin lotura egokia izatea eragingo luke EHLGren ustez. Izpegiko eta Urkiagako mendateetako errepide sarea egokitzea, halaber, komunikazio ona lortzeko egingarri izan daitekeela gaineratu zuten.

BAIMENA

Jean-Jacques Lasserrek gaur eskatuko dio Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrari Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean autobidea egiteko sinatutako Hitzarmena ofizialki bertan behera uzteko baimena.

oRDEZ

Proiektua bertan behera uzteak ez luke, hainbat eragileren ustez, errepide sareak hobetzeko premia alboratu behar. Kontseilu Nagusiak «ez bata eta ez bestea» tankerako jarrera hartzea desegokia litzateke EHLGren esanetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo