European Challenge
Avironek berriro ere burua makurtu behar izan du
Zuri-urdinek jadanik ez dute aurrera egiteko inongo aukerarik, Salek, berriz, ziurtatuta dauka final-erdietan jokatzeko txartela.
Jon LEUNDA | BAIONA
Ez zen ezusterik izan, eta Avironek ezin izan zuen ezer egin Saleren aurka, nahiz eta lehen zati ederra egin zuten. Atzoko garaipenaren ostean, Sale sailkatuta dago, eta Aviron inongo aukerarik gabe geratu da.
Lehen zatia orekatua izan zen. Aviron Baionakoa sendo aritu zen atzean, eta etxekoei ongi eutsi zien, ez baitzuten entsegurik egiteko ia aukerarik izan. Lortutako sei puntuak zigorren bidez etorri ziren.
Avironek, atzean lana ongi egiteaz gain, erasora ere jo nahi izan zuen, eta izandako aukerarik onena entseguan bihurtu zuen. Lehen berrogei minutu ak amaitu ostean, Sale 6-5 aitzinetik zela joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, ordea, gauzak aldatu egin ziren eta nahiz eta Avironek entsegua egin, Saleko jokalariak izan ziren jaun eta jabe .
Biarritz
Biarritzek ez dauka gaur etxean kalte egiterik, Agilera estadioan arituko da Glasgow taldearen aurka. 21.00etatik aurrera jokatuko dute, eta Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko du.
Biarritzek ez dauka huts egiterik. Joan den igandean Eskoizan galdu ostean, gaur berriz, tupust egingo balu, akabo final-laurdenetan sartzeko itxaropenak. Irabazten badu, urtarrilean Saracens menderatu beharko du Ingalaterran, aurrera egin ahal izateko.
Bi taldeetako entrenatzaileek dagoeneko eman dituzte hamabostekoak ezagutzera. Honako hauek joatuko dute Biarritzen: Brusque, Ngwanya, Bidabe, Traille, Thierry, Peyrelongue, Cibray, Coetzee, Noirot, Avril, Thion, Derllape, Betsen, Harinordoki eta Cronje. August, Balan, Hall, Vahafolau, Bosch, Fa'afali eta Willemse, berriz, aulkian geratuko dira.
Glasgown, berriz, honako hauek jokatuko dute: Storni, Fa'afau, Henderson, Gibson, O'Hare, Parkas, Pinder, Va'a, Thomoson, Law, Nauman, Turner, Brown, Barclay eta Beatie. Miligan, Kalman, Palepoi, Eddie, O'Young, Borraw eta Morrison, aulkian geratuko dira.
Avironek lehen zati bikaina egin zuen. Atzean oso ongi eutsi zion, eta kontraerasora entsegu bat egiteko gai izan zen. Puntu bateko aldeaz, 6-5, galtzen ari zirela joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian, Salek erasora jo nahi izan zuen puntua eskuratu nahi baitzuen, eta ez zion Avironi ezer ere egiten utzi. Azkenik, lau entsegu eginda, partida erabakita utzi zuen.