«Oso argi dago jokalariek euskal selekzioarekin lehiatu nahi dutela»
«Euskal selekzioaren alde bat egiteko eta ofizialtasuna dagokion eran aldarrikatzeko garaia delako», Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) aldarrikapen eguna antolatuko du bihar Bilbon, manifestazio bat tartean. ESAITeko kide Endika Guarrotxenak selekzio nazionalen afera gaur egun nola ikusten duen azaldu zion GARAri, eta azken egunetan jasotako kritikiei erantzun ere egin zien.
Haserre topatu genuen Endika Guarrotxena. Haserre, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jose Ramon Garaik duela egun gutxi egindako adierazpenengatik. ESAITek antolatutako aldarrikapen egunaren atarian, horretaz eta beste gauza batzuetaz hitz egin genuen Endikarekin.
Lehenik eta behin, Gasteizko Gobernuko Kirol zuzendari Jose Ramon Garaik «Berria» egunkarian egindako adierazpenengatik galdetu behar dizut. ESAITek euskal selekzioa desadostasunerako arma gisa erabiltzen duela esan zuen, besteak beste. Zer iritzi duzu horri buruz?
Guk ez dugu selekzioa erabiltzen, guk euskal selekzioaren aldeko iritzia sortzeko lan egiten dugu. Garaik esaten duenak ez du hankarik, ezta buztanik ere. Ez du egia esaten. Aipatzen du iaz boikotera deitu genuela. Kontua da partidari ez geniola babesik eman, baina ez genuen boikotera deitu. Ni neu, partida hartan egon nintzen. Kriston kontraesana izango litzateke boikotera deitzea eta partidara joatea. Era berean, ESAITek selekzioen gaia politikoki erabiltzen duela aipatzen du elkarrizketa horretan. Guk jendea batu nahi dugu borroka honen inguruan, ez konfrontazioa bilatu.
Garaik Euskal Federazioen Batasuna aipatzen du ofizialtasunaren bidea jorratzeko tresnatzat.
ESAITek, duela hamar bat urte onartutako Kirol Lege berria zela-eta, Federazioen Batasuna erakundea sortzea adostu zuen. Baldintza horrekin eman genion babesa lege horri. Kontua da erakunde horren alde egin genuenean finkatuta zegoen lan ildoak ez duela zerikusirik Jose Ramon Garairen legealdian gertatzen ari denarekin. Helburua zen Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko federazioek babesa izatea. Hain zuzen ere, Kirol Legearen eskumena Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen denez, horrelako egitura baten bitartez Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileak bildu nahi genituen euskal selekzioaren alde egiteko. Gaur egun, erakunde horri ematen ari diren erabilpenak ez du gure asmo harekin zerikusirik.
Ustez helburu berdinak dutenen artean liskarretan ibiltzea ez al da tristea?
Bai, hala da. Nik galdetu nahi dut ea non zegoen Garai Paulino Luesmak euskal federazioen kontrako helegiteak aurkeztu zituenean? Edo non zegoen jokalariek Venezuelan pankarta bat ateratzeagatik komunikabideetan jaso zituzten kritikak egin zirenean? Jokalarien defentsan, behintzat, ez zen atera.
Polemikak polemika, ESAITek nola baloratzen du jokalarien jarrera eta inplikazioa ofizialtasunaren aldeko borrokan?
Guk uste dugu jokalarien jarrera oso ausarta izan dela. Oso argi dago jokalariek nazioarteko txapelketetan euskal selekzioarekin lehiatu nahi dutela. Joan den urtean Durangon egin zuten prentsaurrekoa oso argia izan zen, federazioari helburu hori lortzeko lan egiteko eskatu baitzioten. Izen aldaketaren eztabaidan ez gara sartuko, baina esan beharra dago jokalariek ateratako dekalogoan eskaera hori agertzen zela. «Euskadi» Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzen da gaur egun. Kontua da, Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko jokalariak ez zirela identifikatzen izen horrekin. Eta jokalariak eurak direnez euskal selekzioaren izenean jokatu behar dutenak, nik uste dut erabaki hori errespetatu behar dela.
Erakundeek ofizialtasunaren alde zer edo zer gehiago egin zezaketela salatu duzue behin baino gehiagotan, federazio nazionalak sortzea politikarien esku dagoela errepikatu baituzue maiz.
Erakundeek egin beharreko lana egin izan balute ziurrenik helburutik hurbilago egongo ginateke. Zer egin beharko lukete? Lan iraunkor bat egin behar da, kirol guztietan. Nazioarteko Federazioan, batez ere, onar dezaten nazio bat garela eta eskubidea dugula nazioarte mailan lehiatzeko. Kontaktuak ere oso garrantzitsuak dira, eta uste dugu hori ez dela ondo landu. Ondorioz, bozketa batzuetan galdu egin dugu. Adibidez, Kuba eta Argentina bezalako herrialdeek gure kontra bozkatu izan dute. Eta uste dugu hori ekidin zitekeela, euskal jatorriko herritar asko baitaute han. Gaia piska bat landuz gero, hori aldatu liteke. Beste adibide bat: Venezuelara joan ginenean, kirol arloko ministro ordearekin eta futbol partida jokatu zen herriko hainbat agintarirekin egotea lortu genuen. Eusko Jaurlaritzak bidalitako ordezkaria, berriz, ez zen hoteletik irten. Ez zuen ezer egin. Gure egoera zabaldu behar da nazioartean. Venezuelak futbolean ez du indar handirik, baina pilotan bai, adibidez. Beraz, gaia gehiago landu zitekeen.
Zer aldatuko zenukete?
Euskal federazioetan ordezkari batzuk daude, diotenak euskal selekzioen alde daudela. Baina, hori esaten duten bitartean, Estatu espainoleko federazioentzako lan egiten dute, diruzain gisa edo dena delakoan. Halakoei, beraz, urratsak emateko borondaterik ez diegu ikusten. Garrantzitsua litzateke goi kargu horiek beste pertsona batzuekin ordezkatzea.
Aritz SORZABAL |