Binakako Txapelketaren aurkezpena
Laskurain Eulateren ordez alferrikako ligaxkarik izango ez duen lehiaketan
Pedro Martinez de Eulate, azken bi urteotako atzelari txapelduna, kanpoan uztea erabaki du Aspek eta Aritz Laskurainek hartuko du haren lekua; Asegarcek Begino hautatu du Kokarekin batera jokatzeko. La lesión de Konpa en la primera jornada fue la nota negativa del Masters Series de Markina. Seis parejas lucharán en el Torneo de Eusko Basque.
Asier AIESTARAN | BILBO
Azken bi urteetako atzelari txapelduna, Pedro Martinez de Eulate, Binakako Txapelketatik kanpo utzi du Aspek, bere enpresak. Horixe da atzo Bilbon egin zen aurkezpen ofizialean baieztatu zuten albiste nagusia. Zortzi bikoteren parte hartzearekin, lehiaketa urtarrilaren 4an hasiko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta final nagusia martxoaren 30erako dago aurreikusita, nahiz eta, ohikoa den moduan, frontoia zein izango den oraindik zehaztu gabe egon.
Berria hainbat komunikabidek bezperan zabaldu zuten arren, atzo Patxi Mutiloa Aspeko gerentearen azalpenak entzuteko eguna izan zen: «Betikoa da, batzuk egoteko beste batzuek ezin dute egon. Kasu honetan, Pedro kanpoan geratu da, gure ustez beste pilotari batzuk sasoi hobean daudelako. Zehazki, Aritz Laskurainen aldeko hautua egin dugu, oso ongi jokatzen ari delako. Edozein modutan, lehiaketa oso luzea da eta ziur nago Pedrok ere aukera izango duela txapelketa honetan bere maila erakusteko. Ziur nago bere aukera aprobetxatzen jakingo duela. Azken batean, lehiaketarentzat onena sasoirik onenean dauden pilotariak sartzea dela uste dugu».
Esan bezala, oraingoan aukera Aritz Laskurain Soraluzeko atzelariari eman diote. Gipuzkoarrak denbora asko darama oso maila ona ematen -iaz ere bere izena hautagaien artean egon zen azken ordura arte- eta Binakako Txapelketan titular moduan jokatzeko aukera izango du lehen aldiz. Gainera, Titin III.a izango da Laskurainen bikotekidea, edozein atzelarik nahiko lukeen aurrelaria.
«Azken hamar urte hauetan aurrelaririk onena bera izan dela esango nuke. Niretzat sekulako poza da Binakako Txapelketan sartu izana eta edonorekin jarrita ere, ni pozik; baina argi dago Titinekin jokatzea sekulako aukera dela. Enpresaren laugarren aukera izan ote naizen... nahiago dut horretan ez pentsatu. Aurreneko aukera edo azkenekoa izan, kontua jokatzea da. Urtero aldaketak izaten dira, hemen inork ez dauka bere lekua ziurtatuta, eta aurten Pedrori tokatu zaio kanpoan geratzea», adierazi zuen irribarretsu Laskurainek aurkezpenaren ostean.
Txapelketako beste berritasun nagusia Asegarceren aldetik dator: Aritz Begino. Auzako atzelaria ere aspalditik ari da goi mailako partidak jokatzen, baina aurtengoa izango du bere lehen Binakako Txapelketa. Nafarrak, gainera, lehiaketako bikoterik exotikoena osatuko du Juantxo Kokarekin, 2003ko aurrelari txapeldunarekin.
«Beti entzuten dituzu jendearen komentarioak, baina aukeratuetariko bat zarela baieztatzen dizutenean poza sekulakoa da. Kokak eta biok bikote ona osatzen dugula uste dut, baina argi dago maila oso oneko beste hainbat bikote ere badagoela. Ea horietakoren bati ezusteko bat emateko gai garen. Txapelketa luzea da, oso gogorra, eta bukaerara ongi iristea ere oso garrantzitsua izango dela uste dut. Faboritoak aipatzea ez da erraza. Hasiera batean Irujo-Lasa bikoteak beldurra sartzen du, baina Titin eta Laskurain ere oso maila onean dabiltza, Gonzalezek eta Barriolak ere lan ona egin dezakete... Ez nintzateke bikote bakarra aipatzen ausartuko», onartu zuen Beginok.
Zortzi bikoteen zerrenda, beraz, hurrengo hauxe da. Asperen aldetik jokatuko dutenak Martinez de Irujo-Lasa III, Titin III-Laskurain, Gonzalez-Barriola eta Xala-Pascual izango dira. Asegarceren partetik, berriz, Olaizola II-Zearra, Bengoetxea VI-Patxi Ruiz, Koka-Begino eta Olaizola I-Beloki dira aukeratutako lau konbinazioak.
Liga nagusia eta ligaxka
Lehiaketa egiturari dagokionez, 2008ko Binakako Txapelketaren berritasun nagusia lehen fasean jokatuko den liga nagusian egongo da. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu beste enpresako bikote bakoitzaren kontra, guztira zortzi neurketa. Emaitzak hartuta sailkapen nagusi bat egingo da bikote guztiekin eta sailkapen horretako aurreneko lau bikoteek zuzenean lortuko dute finalerdietarako txartela, zein enpresatakoak diren kontuan izan gabe. Gerta liteke, beraz, lau sailkatuak enpresa berekoak izatea. Gogoratu beharra dago azken bost ekitaldietan Aspeko pilotariek jantzi dutela binakako txapela.
Eta finalerdietan ere beste ligaxka bat jokatuko dute sailkatutako lau bikoteek. Ligaxka hori ohikoa izango da: denak denen aurka partidu bakarrera hiru jardunalditan banatuta, bi bikote onenak finalera sailkatzeko. Finala martxoaren 30ean jokatuko da ezbeharrik egon ezean oraindik zehaztu gabe dagoen pilotaleku batean. Lehiaketak ez du atsedenik hartuko eta astero-astero jokatuko da, bi asteko geldialdi bakarra egingo da finalerdietako azken jardunaldiaren eta finalaren artean.
Enpresa bakoitzak bi jaialdi antolatuko ditu jardunaldi bakoitzean eta Aspek jada zehaztu ditu lehen jardunaldiko partidak non eta noiz jokatuko diren. Aurreneko norgehiagoka urtarrilaren 4an, ostiralez, jokatuko dute Donostiako Atano pilotalekuan Olaizola II-Zearra eta Titin III-Laskurain bikoteek. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 6an, errege egunean, igandez, Eibarko Astelena frontoian jokatuko dute Koka-Begino eta Gonzalez-Barriola bikoek. Asegarceri dagokionez, eskuan arazoekin dabiltzan Irujo eta Xalaren zain daude jaialdien kokapena zehazteko. Baliteke bietakoren batek lehen partida galtzea eta dirudienez, frontoia ordezko pilotariaren arabera aukeratuko litzateke.
Analisia banan-banan
Olaizola II-Zearra: Iaz finalera iritsi ziren eta aurten ere faborito paperean irtengo dira. Erregulartasuna da bien ezaugarririk aipagarriena, akats gutxi egitea. Azken txanpara sasoiko iristen badira, aukera ona da binakako lehen txapela janzteko.
Bengoetxea-Patxi Ruiz: Hauek ere iazko bikotea errepikatzen dute. Finalerdietan sartzea lortu zuten orduan, baina Oinatzen lesioak zapuztu zuen bien ametsa. Gazteak dira, fresko daude eta kontuan hartu behar zaie.
Koka-Begino: Txapelketako bikoterik exotikoena. Koka hitzordu handietan hazi egiten da, baina bikotearen etorkizuna Beginok atzean erakusten duen mailaren araberakoa izango da. Sustoren bat eman dezakete.
Olaizola I-Beloki: Binakako Txapelketa bikain ezagutzen duten bi jotzaile handi. Lau txapel batzen dituzte bien artean eta beti ematen dute beren maila. Beraiek ez dute partidarik galduko, irabazi egin beharko zaie.
Irujo-Lasa III: Hauek ere faboritoen artean sartu behar. Bost txapel bien artean. Hori bai, Irujo ez dago bere unerik gozoenean eta ikusi egin beharko da Oskar Lasak nola amaitzen duen horren lehiaketa luzea.
Titin-Laskurain: Bikote erakargarrienetako bat da. Titinek bere mailan jarraitzen du urtea joan urtea etorri, eta Laskurainekin bikain moldatzen da. Txapelketan ohikoak diren partida gogor eta luze horietan sufrituko dute biek gehien.
Gonzalez-Barriola: Azken bi urteotan kanpoan geratu ostean, Abel Barriola berriz ere prest da Binakakoan lehiatzeko. Udatik hona erakutsitako mailari eusten badio, Gonzalezek berebiziko aukerak izango ditu behingoz titulu bat lortzeko.
Xala-Pascual: 2004an finalerdietara iritsi ziren bikote osatuz eta Xalak bi txapel baditu Binakakoan. Ez dira aurrekari txarrak, baina Pascualen erregulartasun falta arriskutsua da liga formatuko lehiaketetan.