Japoniako Nagoya hiritik Andoaingo Garate estudioetara, Victim Chaos
A. BILBAO | BILBO
Nagoya hirian 2005ean sortutako hirukote japoniarra dugu Victim Chaos, hitz garratzak idatzi eta rock & roll indartsua jorratzen duena. «Victim from Chaos» debut lana plazaratu ostean, gurean dira egunotan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean lan berria grabatzeko asmoz.
Tomoyuki Tankiku gitarran, Nobuhide Toyomasu baxuan eta Yukihiro Niwa baterian, antzinako samurai-en jarrera musikara daraman taldeak harremanak landu ditu Euskal Herriko taldeekin ere, Berri Txarrak eta Soziedad Alkoholikarekin, kasu.
Diskoa grabatzeaz aparte, zuzenean jotzeko ere profitatu nahi izan dute bidaia eta Inoren Ero Ni taldeak lagundu die bira prestatzen. Andoaindarrek baxu-jotzaile berria dute gainera (Mariano Hurtado, Drakeren ordez).
Bihar hasiko dira zuzenean jotzen, Andoaingo gaztetxean. Larunbatean Zarauzko gaztetxean arituko dira Inoren ero Ni taldearekin eta igandean Donostiako Le Bukowski tabernan Lobo Electricorekin. Datorren astean Surfin Kaosek lagunduko ditu Tolosako Bonberenean eta Lizarrako gaztetxean bukatuko dute itzulia, berriro Inoren Ero Ni taldeko lagunekin.