GARA > Idatzia > Kultura

Hamaika Bertute-k lehen urtemuga festa giroan ospatuko du etzi Durangon

Bertsolari gazteek festa giroan ospatu nahi dute orain urtebete ilusioz abian jarri zuten Hamaika Bertute ekimenaren lehenengo urtebetetzea. Hilabeteotan «uste baino urrunago» iritsi direla diote; orotara 170 saiotik gora eskaini dituzte, gehienak lagunartekoak, eta sorreran aintzat hartutako helburuak eta nahiak betetzen ari direla ere pozarren aipatu dute. Urtemugarako hitzordua antolatu dute gazteek Durangon, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

p046_f01_199x096.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Aurkezpen festa ofiziala iazko urtarrilaren 13an egin zuen Hamaika Bertute-k, Donostian. Eta hamabi hilabeteotan egin bidearekin pozarren, urtemuga bera ere festa giroan egin nahi dutela azaldu dute bertsolari gazteek.

Durangon izango da, larunbatean, hitzordua. Lehenik, hamaiketakora deitu dute jendea, 11.00etan, Plateruenan; eta ondoren bertso-triki poteoa egingo dute herriko kaleetan. Indarrak berritze aldera, bertso bazkaria egingo da gero kafe antzokian bertan (14.00). Jakinarazi dutenez, gainera, Hamaika Bertute-ko gai-jartzaile taldea arduratuko da bazkaria «ezustez betetzeaz; eta bat-bateko bertso mordoa ez ezik, bertso musikatuak ere entzuten ahalko dira».

Karmele Mitxelena, Eneritz Zabaleta, Arkaitz Oiartzabal, Haritz Casabal eta Ander Lizarralde gazteek Donostian eman zuten atzo egitarauaren berri, Hamaika Bertute ekimenak urtebetean egindako bidearen balorazioa plazaratzearekin batera.

«Bertso espazio bat bete dugu»

Hogeita hamar bertsolarirekin eta bi gai jartzailerekin abiatu zen egitasmoa iaz, eta egun 44 bertsolarik eta hiru gai jartzailek dute izena emanda bertan. Nolanahi ere, proiektuak «irekia» izaten jarraitzen du: «Bertsotan fundamentuz egiten duen edonork parte har dezake -gogorarazi dute-, lan egiteko gogoz baldin badator». Orain arte animatutakoak Euskal Herriko eskualde orotakoak dira kasik. Izan ere, gehienak gipuzkoa- rrak eta bizkaitarrak izan arren, tartean kide nafarrak, lapurtarrak eta arabarrak ere badira.

Lehenbiziko urte honetan 170 saiotik gora egin dituzte, eta nabarmendu dutenez, «proiektu hasi berri batentzat, eta hain ibilbide motza izateko, ez dago batere gaizki». Pozarren daude, beraz: «Saio berri mordoa sortu da Hamaika Bertuteri esker. Antolatzaileei kontaktu bideak erraztu dizkio gure proiektuak eta asko animatu dira lehen aldiz bertso saio bat antolatzera. Utzita zeuden hainbat plaza berreskuratzea ere lortu dugu». Gipuzkoarrak izan dira plazarik gehienak orain arte, baina aurrerantzean beste eskualdeetara hedatu asmoz ere badabiltza.

Eskainitako saio kopuru mardularen harira, «uste baino urrunago iritsi» direla aipatu ez ezik, Hamaika Bertutek «bertso espazio bat bete» duela ere nabarmendu dute: «Orain arteko Euskal Herriko bertsogintzan txertatzen asmatu dugu. Horrez gain, plaza antolatzaileen eta bertsozaleen eskaera bati erantzun bat ematen diogun sentsazioa indartu zaigu gure ibilbidean, eta anitz indartu gaitu horrek gure ekimenean. Aurrera jarraitzeko gogoa besterik ez digu ematen plazetan jaso dugun erantzunak eta esker onak».

Talde dinamika, autogestioa...

Alegia, gizarteari zuzendutako kultur eskaintza ez ezik, egitasmoa bera plaza beharrean dauden bertsolarientzako aukera ere bada, gero eta bertsolari gazte gehiago egon arren, «zirkuitu ofizialean ez dago-eta guztiontzako lekurik», gogorarazi dutenez. Ohiko zirkuitutik kanpo eratutako zirkuitu legez uler liteke, beraz, Hamaika Bertute-ren izaera, bietan jardutea «osagarri» edo bateragarria dela ere argituta. Osterantzean, ekimenak filosofia zehatz bati erantzuten dio hasieratik. «Baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei -aipatu dute- bertso saioak antolatzeko aukera eskaini nahi diegu: mugimendu sozialak (gaztetxe, gazte asanblada, elkarte...), lagun koadrila, elkarte gastronomikoak, auzoetako festak... Autoeraketa eta autogestioa dira Hamaika Bertute-k bildu gaituen kideon oina- rriak».

«Bertsolariek elkar ezagutu izana, talde dinamika bat sortu izana eta proiektu komun baten inguruan batzea izan da lorpen garrantzitsuenetariko bat. Hau autogestioaren bidez aurrera doan proiektua da, eta denok egin dugu, ahal genuen neurrian, gure ekarpentxoa aurrera egin dezan», berretsi dute.

Izaera eta oinarri horiei eutsita, «kalitatezko tratu bat eskatzearen trukean, kalitatezko saioak eskaintzeko» helburua ere, salbuespenak salbuespen, bete dutela diote bertsolariek.

Bidean egindako saio gehienak lagunartekoak izan dira (bertso poteo, tabernetako saioak, bazkariak...), eta hainbat ekimen berezitan ere parte hartu du Hamaika Bertute-k: hilabeteotan Katalunian eta Kuban, esaterako, abestu dute gazteek.

«BERTSO DESAFIOA»

Aurrera begira ere lanean ilusioz segiko dute. Proposamen berri gisa «Bertso Desafioa» formatua dakarte, bi bertsolariko bi talde aurrez aurre jarriko dituena. Entzuleak izendatuko du garailea, eta horrek eskuratuko du lau kideentzat aurreikusia zen dieta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo