GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iaz espekulazioaren aurka egindako lanaren berri eman du Itzubaltzetako Segik

Erromoko Segi taldeak iragan urtean etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka egindako ekimenak oroitarazi nahian, egindakoaren inguruko lan grafikoa aurkeztu dute gazte idenpendentistek.

GARA |

Itzubaltzetako Segik iragan urtean etxebizitza eskubidearen alde egindako ekimen eta jardueren berri eman du orduko irudiak biltzen dituen lan baten bidez. Herriko gazte independentistek hainbat protesta ekintza egin zituzten etxebizitzaren arazoaren inguruan, eta orain, egindako lan hori irudi bidez aurkeztu dute.

Taldeak arazoaren inguruko kontzientziazio lan handia egin zuen iragan urte osoan. Martxoan eta apirilean, adibidez, gazteek hainbat pankarta ezarri, eta mural erraldoiak egin zituzten herri osoan zehar. Gainera, Segiko kideek adierazi zuten, gazteak, kapistalismoaren erruz, kalean bizitzera zigortuta daudela. Eskubide hori ukatzen zaiela salatzeko, uztailean eta azaroan kanpaldia egin zuten, Erromoko Kolas plazan lehenik, eta Ibaiondo karrikan geroago.

Dena dela, ziurrenik, gazte independentisten iazko ekimenik ikusgarriena eta deigarriena, Bizkaibusen autobus batean egindako izan zen. Orduan, protesta moduan, bi gazte autobusaren gainera igo ziren. Horren ostean, pankarta erraldoia zabaldu zuten, eta bengala bana piztu zituzten.

Itzubaltzetako gazte mugimenduko kideek aurrera eraman dituen ekimen guztietan jende ugariren babesa jaso zuela nabarmendu nahi izan du. «Herriko bizilagun askok borroka honetan jarraitzeko kemena igorri ziguten», jakinarazi dute.

Espekulazioaren eragina

Erromoko gazte independentisten aburuz, gazteek etxebizitza duina eduki ahal izateko arazoak, «espekulazioak etxebizitzen salneurrian duen eraginak» sortzen ditu. «Espekulatzaileek alokairuaren eta metro karratuaren prezioa oso altua izatea eragin dute», salatu du taldeak.

Horren ildotik, gazte mugimenduak jakinarazi du, iragan urtean aurrera eramandako ekimenetan etxe agentziak, bankuak eta erakundeak «jopuntuan» izan zituztela.

Bihar eta etzi hainbat mobilizazio izango dira

Etxebizitza eskubidea aldarrikatu nahian, Gazte Asanbladek eta gazte eragileek datorren ostiralerako eta larunbaterako hainbat mobilizazio deitu dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan.

Urtarrilaren 11n, ostirala, manifestazioa 19.30ean abiatuko da Guggenheim museotik. Gainera, beste hainbat ekintza ere izango dira: kaleko jokoak, orkesta, elektrotxarangak, tinbaleroak, etab. Egun berean, mobilizazioak izango dira Iruñerrian ere. Etxebizitza eskubidearen aldeko plataformek deituriko manifeszioa 19.00etan abiatuko da Txantrea auzoko Ezkaba plazatik.

Gipuzkoan, ostiralean, Zarautzen, espekulazioaren aurkako agerraldia 20:00etan abiatuko da Udaletxe plazatik. Araban, berriz, espekulazioaren aurka egingo diren mobilizioak larunbatean izango dira. Manifestazioa 13.00tan abiatuko da Artiumetik.

Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioen antolatzaileek adierazi dutenez, ekimen horien helburua «Euskal Herri osoko gazteon ahotsa eta aldarria kaleratzea» da. «Mobilizazioak eta ekimenak izango dira herri eta auzoetan gazteok pairatzen dugun egoera salatzeko», jakinarazi dute gazte asanbladek.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo