GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Faborito guztiak bertan direla jokatuko da lehiaketa

Txapelketa bihar abiatuko da Sarako trinketean, eta bertan jokatuko dira estreinako bi kanporaketak

p044_01_199x116.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Berezkoen Bakarkako Txapelketa abian jartzera doa. Bihar bertan hasiko da Saran, eta finala, berriz, otsailaren 24an jokatuko da Baionan, Moderne trinketean, 17.00etatik aurrera.

Hamalau pilotari arituko dira lehiaketa horretan, baina badira hutsune batzuk ere. Berez, profesional guztiek dute jokatzeko aukera, baina ez dira denak izango. Hutsunerik nabarmenena Rene Muskarditzena da. Behin baino gehiagotan izan da bera txapelduna, baina min hartuta dagoenez, ez da arituko. Beste batzuk, Ibarrolak, Maitek, Ezkurra I.ak eta Rene Dermitek, esaterako, uko egin diote lehiaketan parte hartzeari; Karrikartek, pilota profesionala uzteko hautua egin du, eta ez du lehiaketan parte hartuko.

Txapelketa bi zatitan banatuko da. Lehenengo fasean arituko dira aurten lehen aldiz parte hartuko dutenak, eta iaz zazpigarren postutik atzera geratu zirenak, horko bi onenak, finalerdietako ligaskara pasatuko dira. Han, lau pilotariz osatutako bi multzo izango dira, eta bakoitzeko bi onenek jokatuko dute finala.

Lehen fasea kanporaketa bidez jokatuko da, eta atzerapenik ez da onartuko. Pilotariren bat ezarritako egunean jokatzeko moduan ez bada, kanporatu egingo dute. Lehen bi kanporaketak, iaz aritu ez ziren lau pilotarik jokatuko dituzte.

Saran jokatuko dituzte, lehenengo bi neurketak. Bihar, 19.00etan hasita, Waltari eta Alfaro neurtuko dira lehen partidan. Jarrian, Etxeberriren eta Lazkanoren arteko neurketa izango da. Bigarren kanporaketak, urtarrilaren 19an jokatuko dira Pausuan. Bertako lehen partidan, sarako bi irabazleak arituko dira elkarren aurka. Bigarrenean, berriz, Aranburu eta Errekart neurtuko dira.

Hirugarren kanporaketa, Ezpeletan izango da urtarrilaren 30ean, eta hortxe amaituko da lehen fasea. Lehen partidan, Pausuako bi irabazleak neurtuko dira, eta bigarrenean, berriz, Jean Claude Dermit eta Larretxea izango dira aurrez aurre. Bi kanporaketa hauetako garaileak, finalerdietako ligaskan sartuko dira.

Aipaturiko ligaska horretan izango dira zuzenean, aurretik jokatuko gabe arituko direnak, lehen faseko bi onenekin batera, Iazko onenak, eta zuzenean sailkatu direnak, hauek dira: Ezkurra II.a, Etxeto, Sorhuet, Ozafrain, Kurutxari eta Idiart.

Multzoak ere eman zituzten ezagutzera, honakoak izango dira: A multzoan, Ezkurra II.a, Etxeto, eta Sorhuet izango dira, eta haiekin batera izango da Ezpeletako lehen partidako irabazlea ere. Beste multzoan, berriz, Ozafrain, Kurutxari eta Idiart izango dira, Ezpeletan, Dermitek eta Larretxeak jokatzen duten partidako irabazlearekin batera. Multzo bakoitzeko irabazleak jokatuko du finala.

Ligaska hauetako partidak eta noiz eta non jokatuko diren ere eman zuten ezagutzera. Lehen jardunaldia Lekornen izango da otsailaren 3an. Etxeto eta Sorhuet neurtuko dira alde batetik, eta Kurutxari eta Idiart bestetik.

Bigarren jardunaldia, otsailaren 4an jokatuko da Donibane Garazin. Lehen neurketan, Ezkurra II.a eta lehen fasetik etorriko dena arituko dira, eta ondorenKurutxari eta lehen fasetik datorrena neurtuko dira

Hirugarren jardunaldia, otsailaren 8an izango da Maulen. Ozafrain Idiartekin neurtuko da, eta Ezkurra II.a Sorhuetekin. Otsailaren 10ean, Armendarizen, Etxeto lehen fasetik datorrenarekin arituko da, eta Kurutxari lehen fasetik datorren bestearekin. Donapaleun, otsailaren 16an, Sorhute lehen fasetik datorrenarekin lehiatuko da, eta Ozafrain Kurutxarirekin. Azkenik, otsailaren 17an, Baigorrin, Idiart lehen fasetik datorrenarekin arituko da, eta Ozafrain Kurutxarirekin.

Finala, otsailaren 24an izango da Baionan, Moderne trinketean, eta aurretik hirugarren eta laugarren postua jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo