GARA > Idatzia > Kultura

Andres Nagelek Zornotzako Udalaren aurkako salaketa jarri du epaitegian

GARA | DONOSTIA

Andres Nagelek (Donostia, 1947), Zornotzako Udalaren aurkako salaketa jarri du herri horretan duen eskultura bat lekuz aldatu nahi duelako bere baimenik gabe. Tamaina handiko obra da, eta hirigunean dago kokatuta, biribilgune batean, Sabino Arana, Carmen, San Miguel eta San Pedro kaleen arteko elkargunean.

Artista donostiarrak 2002. urtean jaso zuen lan hau egiteko enkargua. Begoña Azarloza alkatearen agintaritza garaian egin zioten eskaera, eta 2003an jarri zuten toki publiko horretan. 2006an, berriz, inguru hori bermoldatzeko asmoa agertu zuen Udalak, eta oinezkoentzako esparru bat atontzeko proiektua.

Hirugunea eraldatzeko proiektua aukeratzeko lehiaketa iragarri zen, eta deialdira aurkeztu ziren 19 ideietatik, biren proposamenetan baino ez zen kontuan hartu Nagelen eskultura. Gainontzeko 17 proiektuak herritarrek «Patata» izenaz bataiatu duten pieza lekuz aldatzearen aldekoak ziren.

Artista lekuz aldatzearen aurka azaldu da hasiera-hasieratik. Obra leku horretan egoteko sortua izan zela dio, eta beste tokiren batean ez lukeela zentzurik. «Administrazioaren aurrean babesgabe» sentitzen dela salatu du Andres Nagelek.

Bere lekuan

Azkenean, epaitegira jotzea erabaki du, eta Santiago Calatravak Bilboko Udalarekin izan zuen auzian gertatu zen bezala, salaketa jarri du, egun, David Latxaga jeltzalea buru duen instituzioaren kontra.

Bilboko kasu hura epaitu zuen epaitegi berak tramitera onartu du salaketa. Nagelek dio bere obra ez dela errespetatzen, eta bere horretan uztea eskatu du.

Zortzi metro eta erdiko eskultura handia da Andres Nagelek Zornotzako biribilgune nagusian duena. Bi tona eta erdi pisatzen ditu brontzez egindako artelanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo