Prekarietatea, enpresaburuen etekin
Hego Euskal herrian iaz inoizko lan kontrataziorik handiena izan zen. Hala ere, 11 kontratutik bat baino ez zen mugagabea izan. Horren ondorioz, prekarietatea handiagoa izan zen, kontratu kopurua handitu, baina haien kalitateak behera egin baitzuen. Enpresaburuentzat, ordea, urtea ez zen batere txarra izan, salbuespen fiskaletatik ez ezik, prekarietate handiago horretatik ere etekinak atera baitzituzten. Izan ere, aldi baterako kontratuen bideari eutsi zioten diru laguntza gehiago lortzeko. Baina horretan zerikusi handia izan zuen 2006an Gobernu espainolak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOEk sinatu zuten lan erreformak, bide hori erraztu baitzuen. Erreforma horren helburuak enpleguaren egonkortasuna emendatzea eta haren kalitatea hobetzea ziren, lortu den emaitzaren alderantzizkoa, hain zuzen. Hortaz, erabateko porrota izan zela esan daiteke; patronala, seguru asko, baieztapen horrekin ados ez badago ere.
Joan den urteko enplegu datuek, hitz arranditsuen eta propaganda guztiaren gainetik, errealitate tamalgarri bat uzten dute agerian: enpleguaren kalitateak azken hogeitaka urteetako joerari jarraitzen diola; lan prekarietatearen bideari, alegia. Eta ondorio triste bat: langile gehienen prekarietateak enpresaburuen etekinak gehitu egiten dituela.