GARA > Idatzia > Euskal Herria

230 etxebizitzako auzo ekologikoa eraikiko dute Donibane Lohitzunen

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Donibane Lohitzuneko Herriko Etxeak, Alturan auzoaren eraikitze proiektua aurkeztu zuen atzo. Auzo berri horretan, 230 etxebizitza eraikiko dituzte. Trukaketa soziala eta ingurumenaren errespetua izanen dira helburu nagusiak. Proiektua, Donibane Lohitzunetik Senperera doan bide zaharrean kokatu da, antzinako zabortegitik hurbil dagoen mendixka gune batean. Herriko Etxeak «Leibar eta Seugnerin» arkitektura etxearen proiektua onartu du eta lanak datorren otsailean abiatuko dira. Orotara 17 multzotan eginen da eraikuntza, eta multzoen arabera, 2009 ala 2011 bitartean auzoa bukatuta egotea espero dute proiektuko bultzatzaileek.

Alturan auzoaren diseinua, hiru helbururi erantzuteko osatu du arkitektura kabineteak. Izan ere, «Leibar eta Seugnerin» etxeko ordezkariak argitu zuenez, Alturan «ingurune natural batekin harmonian biziko den auzo bat» izatea nahi baitute. Horretarako, lekuko topografia ahalik eta hobekien baliatu nahi izan dute auzoaren diseinatzaileek. Erraterako, mendixka gune horietako maila desberdinak baliatuko dituzte, eraikin bakoitzak argitasun eta irekiera handienak izan ditzan.

Auzoaren beste helburua, trukaketa soziala bermatzea da. Horretarako, salmenta libreko 65 etxebizitzak, salmenta sozialeko 55 etxebizitzekin, eta alokairu sozialeko beste 76 etxebizitzekin uztartuko dituzte. Azkenik, alokairu libreko 35 etxebizitzek osatuko dute Alturan auzoko etxebizitza parkea.

Eko-energia sustatu.

Etxebizitzen beste ezaugarria, energia xahutze apala bermatzea izango da. Hala, eraikuntzen arkitektura bera, eta lurpean jarritako mekanismoak erabiliko dira udaran eta neguan haizearen freskotasuna edo epeltasuna, hurrenez hurren, berreskuratuz etxeko freskatze edo berotze sistemen osagarritzat. Ura berotzeko, berriz, eguzki energia erabiliko dute etxebizitzek, teilatuan kokatutako eguzki plakei esker. Neurri horiek guztiek, energia xahuketa bitan banatzea ahalbidetuko lukete. Etxeen eraikuntza bera ere, ingurumen labelaren irizpideei jarraiki eginen da.

Azkenik, auzoa bizi eremua izan dadin hainbat eraikuntza eginen dituzte. Hala, etxeen artean berdeguneak (parkeak eta jolasguneak), edo kirol instalazioak eraikiko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo