Hondakinen krisia napolin
Sardiniarrek ez dute irla zabortegia izaterik nahi
Napolin sobera duten zaborra Sardiniara eramateko erabakiak hautsak harrotu ditu Italiako Estatuaren menpe dagoen Mediterraneoko uharte honetan. Protesta ugari izan dira Sardinian Napolitik zaborra zekarren lehen ontzia iritsitakoan. Bertako mugimendu independentistak salatzen duenez, Italiako agintariaren erantzuna errepresioa izan da.
Martxelo DIAZ
Camorra izeneko mafiaren jardueragatik Napoli eta Campania eskualdeko zaborrekin arazo handia sortu da. Ez dago zabortegirik eta hondakinak kaleetara iritsi eta izugarrizko pilaketak sortu dira. Jasanezina zen egoera horri aurre egiteko Italiako Gobernuak zaborra beste eskualdeetara eramatea erabaki zuen.
Hondakin horiek jasotzeko «aukeratuen» arteko bat Sardinia da. Eta, egia esan, sardiniarrek ez dute begi onez ikusten Napolikoen zaborra jasotzearen beharra. Bertako taldeek aspalditik salatu dute Italiako Estatuak Sardinia «zabortegitzat» duela. Horregatik, jartzen zituen bertan arma nuklearrak NATOk Santo Stefanon zuen basean, italiarrentzat uharte hori «zabortegia» baino ez delako. Talde ekologistek salatu dutenez, Sardinian Italiatik ekarritako hondakin kimikoak ere biltzen dira.
Oraingoan, berriz, Italiatik datozen hondakinak biltzeko benetako zabortegia Sardinian ezartzeak, noski, benetako arrangura piztu du.
Gauzak horrela, Indipendentzia Repubrica de Sardigna (IRS) taldeak deituta, ehun pertsona inguru bildu eta Napolitik zaborra zekarren lehen ontzia, Via Adriatico izenekoa, blokeatu zuten joan den ostegunean, hilak 10. «Indarkeria ezan oinarritutako ekintza izan zen», adierazi zuen talde independentistak.
IRSek gogor salatu zuen Sardiniako eskuin unionistak (Forza Italia Silvio Berlusconiren alderdiaren inguruan antolaturikoa) Napoliko zaborra jasotzearen aurkako protesta egitea, «Sardiniako Gobernuan zegoenean [Mauro Pilirekin] gure uhartera hondakin kimiko zein nuklearrak ekartzearen alde agertu baitzen».
Jarrera aldaketa horren arrazoia garbia. Lehen eskuina boterean zegoen, bai Sardiniako autonomian, bai Italiako Gobernuan. Orain, berriz zentro-ezkerrak agintzen du Erroman eta Cagliarin [Casteddu sardinieraz], Romano Prodi eta Renato Soruren eskutik.
«Erabaki honek Italiako Estatuaren interesen alde egiten duen Sardiniako klase politiko unionistari soilik egiten dio mesede. Inola ere ez, Sardiniako Nazioari eta herritarrei», nabarmendu zuen talde independentistak.
Dena den, horrelakoetan gertatu ohi den bezala, protesten aurrean Estatu italiarrak errepresioaren hautua egin zuen. Urtarrilaren 10ean IRSeko presidente nazional Gavino Sale (Sassariko Batzorde Probintzialeko hautetsia ere badena) atxilotzen ahalegindu ziren polizia italiarrak, «nahiz eta gure jardueran inolako indarkeria motarik erabili ez izan».
IRSko Exekutibo Nazionaleko Franciscu Seddak salatu zuenez, «Italiako carabinieriek jarrera onartezina izan zuten; Estatuko Poliziak, berriz, modu basatian oldartu zen protesta baketsu bat egiten ari ziren pertsonen aurka».
Gau horretan bertan, protestan ziharduten IRSeko 40 kide atxilotu zituen poliziak, eta epaitegira eraman ondoren, «aginte publikoari aurka egin izanagatik» salatu zituzten.
Talde independentistak nabarmendu zuenez, Napolitik dakarten zaborra onartzeak Sardinian errauskailuen alde egiten ari den apustua indar lezake. Ottanan beste errauskailu bat eraikitzen ari dira eta Tossilon hirugarren labe bat. «Horiez gain, tamaina txikiagoko ugari eraikitzen ari dira, herritarrei eta udalerri txikiei ezertxo ere esan gabe», salatu zuten.
Bi atxilotu Soruren aurka egiteagatik
Portuan izandako atxiloketak, dena den, ez dira Sardinian afera hau dela-eta izandako atxiloketa bakarrak. Poliziak Alex Polara eta Michele Argiolas atxilotu zituen Cagliari-Casteddun, Renato Soruren etxearen aurka koktelak jaurtitzeko asmoa izatea egotzita. Egun hartan, zaborra jasotzearen aurka elkarretaratzea egin zen Soruren etxe aurrean.
Honekin batera, gutxienez lau gazte atxilotu zituzten Poliziaren kontra harriak botatzearen salaketapean. Gazteek salaketa hori ukatu egin dute.