GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal nazioaren Independentziaren aldeko hautua lantzen ari dira herriz herri

Azken hilabeteotan EAE-ANVk «Guk, Euskal Nazioa, independentzia» izenburua duen manifestua herriz herri eman du ezagutzera, estatuaren oldarraldiari aurre eginez, independentziari baietz esateko inoiz baino arrazoi gehiago dagoela gizarteari helarazteko.

p015_f01_140x108.jpg

Manex ALTUNA

Lan handia egin du EAE-ANVk azken hilabeteotan. Hainbat herritan eragileekin eta herritar xumeekin harreman ugari egin du «Guk, Euskal Nazioa, independentzia» izeneko manifestua ezagutzera emateko. Herri askotan bideoak grabatu dira -Usurbilen esaterako- edo aldarrikapenarekin bat egin duten herritarrekin argazki erraldoiak egin dira. Herrien zerrenda luzea da eta manifestuarekin bat egin duten herritarrak ere asko izan dira.

Euskal jendarteak independentzia nahi duela ozen aldarrikatzeko halako dinamikak herrialde osoko herrietan aurrera eraman dira: Etxarri, Usurbil, Altsasu, Barakaldo, Santurtzi, Plentzia, Lesaka, Urduña, Bergara, Forua, Arratzu, Kortezubi, Iruñea, Ajangiz, Bilbo, Zumarraga, Oiartzun, Alonsotegi, Getaria, Zorrotza, Zestoa, Pasaia, Hernani, eta beste hainbat herritan.

Alderdi ekintzaleak abiarazitako dinamikaren helburua, ordea, ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. «Independentziaren aldeko jende uholdea eragitea eta manifestua independentista ororen topaleku izatea, Estatuari garbi erakusteko herri honek independentziaren aldeko hautua egin duela eta hori ezin dela ilegalizatu», azaldu du EAE-ANVko arduradunak.

Gaineratu duenez, «Euskal Herriaren eskubideen alde arlo ezberdinetan, herriz herri, lantegiz lantegi, ikastetxez ikastetxe, euskara, kirol arloetan... lanean ari diren guztien atxikimendua lortu nahi genuen».

Biziraupenerako berme bakarra

Manifestu hori oinarri dela, edo bitartekotzat hartuta, EAE-ANVk egungo egoera politikoaren irakurketa politikoa ere helarazi nahi izan dio ezker abertzalearen oinarri sozialari eta nazio eraikuntzan lanean ari diren hainbat eta hainbat eragileri. Negoziazio prozesuan ezker abertzaleak proposatutako marko demokratiko bat eraikitzeko aukerari PSOEk eta EAJk «ezetz» esan ziotelako abiatu zuen ekimena alderdi ekintzaleak. Izan ere, marko horretan «Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortu eta proiektu politiko guztiak, independentziarena barne, gauzagarri egin ahalko» ziren.

Baina PSOEk, EAJren eta Nafarroa Bai-ren laguntzaz, aldaketa politikoari iruzur batekin erantzun nahi diola dio, «Hego Euskal Herria zatituta mantenduz eta euskal herritarren hitza eta erabakia galaraziz. Errepresio uholdea horren baitan ulertu behar dugu, baita EAE-ANVren ilegalizazioa».

Ekimen horren bitartez, berriz, Euskal Herriaren biziraupenerako «berme» bakarra independentzia dela adierazi nahi izan dio alderdi ekintzaleak gizarteari, eta horren aldeko hautuari indarra eman. EAE-ANVren iritziz eredu hau «agortuta» baitago, eta «zatiketarekin ezinezkoa da Euskal Herria eraikitzea, etorkizunak independentzia izan behar baitu». Alderdi independentistako kideen ustez «hori da bide bakarra Euskal Herria nazio gisa egituratzeko eta gure nortasun zutabeak diren hizkuntza, hezkuntza, kultura, esparru sozioekonomikoa, kirola eta abar garatzeko».

Horregatik, «Guk, Euskal Nazioa, independentzia» aldarria «1512ko espainiar inbasioaren 500. urteurrenerako bost urte» falta direla gogoraraziz hasi da, eta «euskaldunok inoiz baino arrazoi gehiago» ditugula dio «independentziaren aldeko apustua egiteko». Jarraian, «zerbait frogatzen badu gure ibilbide historikoak, menpekotasuna erabat kaltegarria dela da eta soilik gure buruaren jabe bilakaturik lortuko dugula herri gisa dagokigun garapen askea», gaineratu da.

Espainiar eta Frantziar estatuen helburua «Euskal Nazio izateari uztea» dela adierazi da, halaber, eta horren aurrean «euskaldunok Estatua osatu behar» dugula «independentzia etorkizuna delako, gure lekua aurkitzeko munduan, guk nahi duguna, ez besteei komeni zaiena».

EAE-ANVren ilegalizazioa ere kontuan hartu, eta «ez dela zilegi independentzia grina aukera politikorik gabe uztea» aldarrikatu da. Horregatik, hurrengo hauteskundeetan eta, orohar, euskal agertoki politikoan, independentziaren aldekoek «eskubide guztiak izatea» oso garrantzitsua dela azpimarratu egin da.

Zentzu horretan, alderdi ekintzalea ilegalizatzea edo hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik gabe uztea «independentzia zaleen eskubideak urratzea» litzatekeela kritikatu eta, horregatik, «independentziaren aldeko apustua» egiten dutenek «bat egin» behar dutela «elkarrekin jarduteko» gaineratu da. «Urrats berriak emateko unea iritsi zaigu eta bagoaz» hitzez bukatu da manifestua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo