GARA > Idatzia > Zinema

Kontuak atera fikzioan eta handik kanpora

«The Oxford Murders»

Zinema ingelesetik etorriko da Alex de la Iglesiaren nazioarteko hedadura, eta hartara egokitzen hasia da xarma gisa Guillermo Martinez argentinarraren eleberriaren gaia eta antzezle talde benetan gorena bildu dituen «The Oxford Murders» filmarekin. Kokalekuek ere nahitaezko egin zuten lekualdatzea. Bestalde, arreta berezia eskatu zuten elkarrizketek, filma erabateko duelu dialektikoa baita, erronka ikus-entzulearen adimena eta bere gaitasun logikoarentzat.

p062_f01_204x145.jpg

Mikel INSAUSTI | DONOSTIA

Sinetsita nago Alex de la Iglesiari gauzak hobeto joango zaizkiola nazioartera zinema ingelesaren eskutik jauzi eginda Ipar Amerikako abenturan ahaleginduta baino. Hollywoodek bere alderik txarrena eta neurritik kanpokoena atera lezakeen artean, britainiar eutsitasunak eta patxadak on egingo diote. «Perdita Durango» filma abisu bat izan zen eta, Javier Bardem zabaltzen ari den ateak ate, ez da berriro bide horretatik aurrera egiten ahalegindu. Gainera, «La marca amarilla» (Seinale horia) filmaren egitasmo liluragarriak bermatuko dio Ingalaterran jarraitzea. Alexek oso ongi ezagutzen dituenez bai belgikar komikia nola 50eko hamarkadako zine ingelesa, jatorrian Edgar Pierre Jacobs komikigileak idatzi zituen Blake eta Mortimer-en abenturen egokitzapenak «Tintin»-en estetika eta Val Guest-en estiloa berreskuratu duten film retrofuturisten arteko bateratze interesgarri baino interesgarriagoa ekarriko du. Hori gutxi balitz, zinegile bat benetan zailtzen duten aginduz egindako lan horietakoa den «The Oxford Murders» (Oxfordeko hiltzaileak) filmean ikasi duen guztiarekin iritsiko da bere sormenari hain ongi egokituta dagoen filmaketa erabakigarri honetara.

Baina «La marca amarilla» izango denarekin amets egin baino lehen, Alex de la Iglesiaren ospe eta ezagutza komertzialerako bidean aurreko urratsa den «The Oxford Murders» filmari aurre egin behar zaio. Arrakastatsua izateko osagai guztiak ditu filmak, kritika txarrak jaso baina asko saldu duen eleberri batetik abiatuta. Jakina da enigmak eta kode zifratuak argitzea boladan dagoen gaia dela, inork ulertzen ez dituen gai konplexuena dagoen bezala. Gaur egungo ikus-entzulea medikuntza eta kirurgiaren gaineko telesailekin zoratuta dago, pertsona arruntei itzurtzen zaizkien espezializazioak direnean berez. Hitchcock-ek bere garairarako bazekien, horregatik maite zuen honelako gai kriptikoak gertakizun korapilatsu batean kezko hesi bezala erabiltzea, azkenean korapiloa magiako trikimailua balitz bezala askatzeko. Eta agertoki ingeles jatorretan garatutako suspense kriminaleko film batez ari garenez, inoiz ez dago soberan Agatha Christie-ren ezaugarri izan zen Who done it? (Nork egin zuen?) haren eraginkortasuna berriro hartzea.

Nahitaezko literatur erreferentziak aipatzen hasita, ezin da ahantzi ikertzaile bikoteaz bere eskema bereziaren ironia ekarri zuen Arthur Conan Doyle ere. Ez dakit paralelismo zehatzik ezar daitekeen John Hurt-ek eta Elijah Wood-ek antzeztu dituzten pertsonaiak eta Sherlock Holmes eta Watson Doktorearen artean, baina irakasle eta ikasle izate hutsak jada antzeko zerbait pentsarazten du. Zaila da eremuak mugatzea ezen hasieran, eta Guillermo Martinez argentinarraren liburuaren literatur jatorriarekiko leialtasunez, laguntzaile gaztearen papera Gael Garcia Bernal mexikarrak egin behar zuela pentsatu baitzuten. Azkenean, zoriak hala nahita, tira handiko Elijah Woodek onartu zuen papera eta ikaslea jatorri iparramerikarrekoa bihurtu zen. Ez dago azaldu beharrik zer irabazi duen aldaketarekin Gerardo Herrero ekoizleak, «The Oxford Murders» filmaren nazioarteko salmenten etorkizuna Hollywoodeko edozein ekoizpen handik izan dezakeenarekin pareka baitaiteke, zortzi milioi euro bakarrik xahutu dituzten arren. Jokaldi biribila da, eta oraindik biribilagoa izan zitekeen filmaren bigarren bertsio iparramerikarra egiteko eskubideen salmentako negoziaketek emaitza ona izan balute. Warner-ek matematikak ezabatu nahi zituen gidoitik, estudio handietako exekutiboek ezgaitu mental aldratzat baitauzkate oraindik beren ikus-entzule izan daitezkeenak. Alex de la Iglesiak, aldiz, planteamenduak ikus-entzulearen zorroztasuna probatzeko gai den buru ariketa gisa duen adimenean sinetsi du, oraindik jostaketa garun jarduerarekin adostea posible delakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo