GARA > Idatzia > Zinema

Sundanceko jaialdia, zine independentearen hitzordua, heldu da

Atzo hasi eta hamar egunez Ameriketako Estatu Batuetan, Utah estatuan, urtero antolatu ohi duten Sundance Zinema independentearen jaialdia ospatuko da. Bertan, 120 film ikusteko aukera izanen da eta horietatik 64 inguruk lehiaketan parte hartuko dute. Aurten, Martin McDonagh irladarraren «In Bruges» komediak emango dio hasiera jaialdiari. Nacho Vigalondok bere lehenbiziko film luzea, «Los Cronocrímenes», aurkeztuko du.

GARA | WASHINGTON

Sundance Zinema jaialdiaren 24. edizioa abian da dagoeneko. Atzo hasi eta urtarrilaren 27ra bitartean lehiaketan parte hartuko duten 64 film ikusteko aukera izanen dute Sundanceko Park City turismo zentrora hurbiltzen diren zinemazaleek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioan komediak izango dira nagusi eta horregatik Martin McDonagh gidoilari irladarraren lehendabiziko film luzeak, «In Bruges», emango dio hasiera jaialdiari. Aipatutako film honetako protagonista nagusiak Ralph Fiennes eta Colin Farrell dira eta jaialdiko zuzendariaren, Geoffrey Gilmorere, esanetan, «oso film filosofiko, dibertigarri eta originala da». Gainontzeko egitarauari dagokionez, Emily Blunt eta Amy Adams-en «Sunshine Cleaning», Kingsley eta Mary Kate Olsen-en «The Whackness» eta Michael Keaton-en «The Merry Gentleman» daude faboritoen izenen artean. Aipatutako film hauek gaur bertan aurkeztuko dituzte, eta baita Paul Schneider-ek zuzuendu duen «Pretty Bird», Tom Hanks-en «The Great Buck Howard», Danimarkako «Just Another Story» edota jatorri errusiarra duen «Mermaid» ere.

Gai eta estilo ezberdineko filmak izango dira, hainbat izenburu aipatzearren, Roman Polanski-z egindako dokumentala, «Roman Polanski: Wanted and Desired» izenekoa; «Slingshot hip hop», rap musikak Palestinan komunikatzeko eta borrokatzeko duen garrantziaz; edota Gonzalo Arijon uruguaitarraren «Stranded: I've come from a plane that crashed on the mountains» filma.

Estatuko zuzendari bakarra izanenen da Sundanceko jaialdian, Nacho Vigalondo. Lehiatik at, «Los Cronocrímenes», bere lehenbiziko film luzea, aurkeztuko du Park City at Midnight izeneko beldurrezko atalean. 2005ean «7.35 de la mañana» film laburrarekin Oscar sarietan izendatu zuten zuzendari hau.

Jaialdia atal ezberdinetan banatuta dago: Ameriketako Estatu Batutetan egindako fikziozko filmak, estreinaldiak, atzerritar jatorria duten fikziozko filmak, dokumentalak, Spectrum, Frontier, Park City at Midnight (beldurrezko filmak) eta emanaldi bereziak, besteak beste.

Atal bakoitzak estatu ezberdinetako pertsonek osatuta egongo den berariazko epaimahaia edukiko du. Fikziozko filmen sailean Marcia Gay Harden, Mary Harron, Sandra Oh, Quentin Tarantino eta Diego Luna antzezle mexikarra ariko dira. Dokumentalen arloan, Michelle byrd, Heidi Ewin, Eugene Jarecki, Steven Okazaki eta Annie Sundberg izango dira.

Jaialdiaren jatorria

Sundanceko jaialdia izen bereko institutuak antolatu ohi du. Bitxia bada ere, Robert Redford antzezle ospetsua da aipatutako erakundearen sortzaileetako bat. Jaialdiaren helburu nagusia ekoizpen handiak egiteko dirurik eta hedabiderik ez duten artista eta ekoizleei beren lanak erakusteko aukera ematea da. Hori dela eta, Sundancen aurrekontu oso txikiekin egindako hainbat lan aurkeztuko dituzte.

Hala ere, urteak aurrera egin ahala, Sundance jaialdian geroz eta artista ospetsu gehiago dago eta horren adierazgarri aurten Robert de Niro, Tom Hanks, Bruce Willis, Marcia Gay Harden edota Sir Ben Kingsley-ren parte hartzea izango da. Gai honen inguruan, azken asteotan Robert Redfordek azaldu duenaren arabera, «onerako zein txarrerako, Hollywoodek zine independentea irentsi egin du». Izan ere, artista ospetsuak bertan izatea alde batetik positiboa bada (jaialdiari publizitate itzela ematen baitiote), beste alde batetik alde ezkorrak ere baditu (batik bat artisten pasarela bilakatzea, alegia).

PARK CITY

Sundance zinema jaialdia Park City herrian ospatzen da. Hamar egunez zinemaren herria bilakatu ohi da. Filmen kopurua dela eta, arratsaldeko hiruretan ere izango dira emanaldiak.

NACHO VIGALONDO

Nacho Vigalondo zinema zuzendaria lehiatik kanpo ariko da Sundanceko jaialdian «Los Cronocrímenes» lehenengo film luzearekin. Park City at Midnight deitutako beldurrezko eta fantasiazko atalean egongo da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo