GARA > Idatzia > Gutunak

I. Liceaga Ochotorena Kaltetuak taldeko bozeramale

Zabor gizartea, askotan gizarte zabarra

Guztiz egokia izan da GARAn, abenduaren 30ean, zaborrari buruz irakurritakoa. Bete-beteko egiak dira, zeren zaborra gutxiago egiteko hasiera puntura jo baldin behar bada ere, gure artean axolagabe asko dago, oraindik batere arretarik jartzen ez duena. Esate baterako, ekintza samurrena da botilak birziklatzea, baina beira edukiontzian sartu ordez, askotan ikusten ditut zaborra edukiontzian, beren kartoizko kutxaren barruan, edota plastikozko poltsaren barruan muturrak bistan dituztelarik. Horrelakoetan harriturik gelditzen naiz, neure buruari galdetuz ea horrela botatzen dituenak zergatik ez ote duen arreta pixka bat gehiago hartzen. Botilak banan-banan hartu eta botatzeko lana eta denbora pixka hori ez pasatzeagatik, zenbaiti, bost axola zaio zaborra gehitzea; bere eskuetatik kentzea baino ez zaio axola. Antzeko zerbait gertatzen da kartoizko enbalajearekin: askatu eta bere tokira bota beharrean, zulotik pasatzen ez denez, ondoan utzi pilatzen, eta alde egin, beste batek egin dezan, edo zaborrontzira bota.

Hemen bakoitzak bere lana bete egin behar du, arduraz jokatuz. Argi dagoena da Administrazioak jarri egin behar dituela behar diren edukiontzi guztiak, birziklatu behar direnentzat batez ere, erraztasunak jarriaz; zeren urrutira joan behar baldin badu, zaborrontzira botatzen ditu, eta lasai joaten da. Baina herritarra kontzientziatzeko garaian, garbi dago zeregin handia dagoela oraindik. Faltan botatzen da kontzientziatze programa eraginkor bat, gogoan hartzeko moduko eslogan batekin, betetzen ez duena lotsaraziko duena. Gure artean ere, denok gure ingurukoekin gehiago hitz egin behar genuke gai hauetaz, jarrera zibiko hori gorpuztu dadin.

Pauso txikiak emanez, urrutira irits gintezke, zaborra gutxitzearekin batera, material birziklagarriz egindako poltsak etxetik eramanda berrerabiliz. Helburua, erraustegiaren beharrik ez izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo