GARA > Idatzia > Gutunak

Ander Agirre Dorronsoro Donostiako Euskal Herrian Euskaraz

Hizkuntz eskubideen urraketa

Hizkuntza ezinbesteko tresna da gizakion artean ulertzeko; horregatik, zaila izango litzateke ulertzea funts honen aurka doan edozein ekimen, gizakion arteko hartu-emanari aurka egingo lioke eta. Are eta zailagoa izango litzateke ulertzea hizkuntzaren aurkako erasoa administrazio eta zerbitzu publikoetatik etortzea, hauek ezinbesteko ardura eta garrantzia baitute hizkuntzaren erabilera eta normalizazioan.

Zoritxarrez, 2008an, Euskal Herrian, oraindik horrelako zapalketak une oro eta edozein lekutan ematen dira, gizarte «zibilizatu» eta «aurrerakoi» honetan. Orain ez asko, beste euskaldun baten eskubideak bortxatu zituzten, eskubideak bermatzeaz arduratu beharko luketen pertsonek, poliziek. Justifikatu gabeko atxiloketa baten ostean (tabernaria izaki, ertzainei arma alboan zutela tabernan sartzea galarazi zien), komisariara eraman, eta bertan, tratu batere aproposa ez jasotzeaz gain, hizkuntz eskubidearen ezinbesteko betebeharra mugatua izan zen. Tabernariak deklarazioa euskaraz egin nahi, eta «lauzpabost ordu gehiagoz egon beharko nintzela, euskaraz idazteko gai zen ertzain bakar bat ere ez zegoela» erantzun zioten.

Noiz arte jasan beharko ditugu halako eskubide urraketak? Zein puntutaraino gaude halako bortxaketak onartzeko prest? Non dago «eusko» Jaurlaritza? Egunero halako urraketak gertatzen diren bitartean, euskaldunon eskubideak, bete gabe izaten dira. Euskal Herriak argi du bere nahia eta desioa, egunerokoan, kalean, mendian euskaraz hitz egin eta bizitzea. Beste batzuek, ordea, beren ardurak hitz hutsaletan ezabatzen dituzte, euskaldunok albo batera utziz. Bada garaia, XXI. mendean, halako bat gehiago ere gertatzen ez uzteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo