Samuel: «Banekien aukerak izatea zaila zela»
J.O. | GASTEIZ
Denboraldia titular moduan hasi bazuen ere, azkenaldian hasierako hamaikakotik eta sarri deialditik at egon da Samuel Bayon kataluniarra. Azken partidetan Gabri izan da Uribek eskuin hegalean jarritako jokalaria, baina astean zehar egindako frogen arabera aurten Burgosetik ekarritako erdilariak jokatuko du Celtaren aurka.
Jokatuko duen oraindik ziurtzat eman nahi izan ez bazuen ere, Samuel gustura agertu zen aukera horren aurrean eta normaltasunez hartu zuen azkenaldian hasierako hamaikakoan egon ez izana. «Noski minutu gehiago jokatzea nahiko nukeela, eta posible balitz hasierako hamaikakoan egon nahiko nuke, baina nire lehen denboraldia da Bigarren Mailan eta aurretiaz ere banekien aukerak izatea zail izango nuela».
«Gauzak horrela, geratzen zaidan gauza bakarra lan egitea da, entrenatzaileak eskatzen didana ematea eta aukera bat izaten dudanean aprobetxatzen saiatzea. Hori bai, garrantzitsuena taldeari ahalik eta gehien ematea da», gaineratu zuen.
Gabrirekin eta Menarekin lehia handia du, baina oraindik hiruretako inork ez du tokia ziurtatu eskuin hegalean. «Ni iritsi berria naiz, jokatzen ari diren jokalariak gauzak oso ondo egiten ari dira, golak sarzen... Guztiok gorago egon nahiko genukeen arren, nik uste dut taldea bolada onean dagoela eta hamabost minutu badira ere, ahalik eta hobekien jokatzen saiatu behar dut. Garrantzitsuena pixkanaka-pixkanaka taldera eta entrenatzaileak nahi duen sistemara ohitzea da», gaineratu zuen.
Igor, 19 urtetik beherakoekin
Ibaian, eguneko beste berria Espainiako 19 urtetik beherakoen hautatzaileak Igor Martinez aurrelaria entrenamendu batzuetarako deitu izana da. Pixkanaka, harrobia ere bere emaitzak ematen ari da eta hiru egun emango ditu Igorrek Madrilen.