Bakailaoa behin beratzen jarrita...
Sormenaren suak dagoeneko piztu dira eta bakailaoa beratzen jarrita dago berakatz eta olioz betetako eltzeetan. Probasaio aretoak elkarte bilakatu dira eta danbor kolpeekin batera eman diote lanari hasiera. Orain arte amets soilak izan diren platerak gauzatzen hasiak dira idazmakinetan, ordenagailuetan edota probasaio geletan.
Dorleta URRETABIZKAIA, Aktorea eta idazlea
Poltsikoak hutsik eta sabelak beteta dauzkagun urte sasoi honetan, danbor hotsen zurrumurruarekin batera, sukaldean lanean hasiak dira gure antzerki taldeak. Sormenaren suak dagoeneko piztu dira eta bakailaoa beratzen jarrita dago berakatz eta olioz betetako eltzeetan. Probasaio aretoak elkarte bilakatu dira eta danbor kolpeekin batera eman diote lanari hasiera. Orain arte amets soilak izan diren platerak gauzatzen hasiak dira idazmakinetan, ordenagailuetan edota probasaio geletan. Baina zeintzuk izango ote dira danbor doinuekin batera sortzen ari diren plater berriak?
Kanpingags izango da urtea estreinatuko duen lehenengo taldea. Atsedenik gabe lanean ari den taldeak «Gronholm metodoa» taularatuko du otsailaren hasieran, eta uda parterako «Komedia beltza» antzezlana taularatzeko asmoa ere izango du. Maskarada izango da hurrena, otsailaren bukaeran. Kafetegi batean ezagutu eta gaua hotel batean elkarrekin emango duten bi ezezagunen istorioa kontatuko duen «Ohean» antzezlanarekin. Martxoan, berriz,
Agerre Teatroak, «Putzuak lehortzen» antzezlana eskainiko digu, bikote harremanak ikuspuntu desberdin batetik begiratu nahiko dituen proposamena. Tanttaka taldeak ere apirilean estreinatuko du duela bi urte Euskadi Sarietan irabazlea izan zen «Arrainen bazka» antzezlana. Lan jazarpenaz hitz egingo digute, egungo gure gizarte honetan gori-gorian dagoen gaiaz. Eta udaberriko plater gozoak ezagutu baditugu ere, azkenburua geratzen zaigu oraindik...
Ados Teatroa urriaren bukaera inguruan ikusteko aukera izango dugun Sherezade mitoaren gaineko testu bat prestatzen ari da eta emakumeek bakarrik osatuko duten antzezlana izango omen da. Vaiven taldeak ere, haurrei eta helduei zuzendutako antzezlan pare bat eskainiko omen dizkigu garai honetan.
Eta amaitzeko, Golden Apple Quartet taldeak teknologia berriak erabiliko dituen proiektu berri bat du abian eta animaziorako jauzia emateko lanean ari da. Nire belarrietara iritsi ez diren danbor hots gehiago izango dira seguru asko. Baina, jakinak jakinda, urte berria danbor burrunbaz eta itxura oneko plater berriz beterik datorkigula esango nuke.
Eta hiriko danbor hotsekin batera beratzen jarria dagoen bakailaoa gogoz dastatu nahi badugu, gosea egin beharrean gaude...