GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa PISTA

Biarritzek itxurarik onena emanez agurtu nahi du Europako lehiaketa

J.L. | BIARRITZ

Uste eta nahi baino askoz ere lehenago amaituko du Biarritzek aurten Europan egin duen ibilbidea. Kolpe gogorra jaso dute zuri-gorriek kanporatu ostean, baina horri lehenbailehen aurre egin beharra daukate.

Multzoko talderik ahulena hartuko dute gaur Agilera estadioan, 21.00etatik aurrera Viadanak orain arteko partida guztiak galdu baititu. Zuri-gorriek gaur irabazi beharra daukate ohoreari eusteko, baita zaleak zertxobait gozarazteko ere. Agilera estadioko harmailetan ez da gaur zale askorik izango, baina doazenek, irabaztea baino gehiago eskatuko diete, izan ere gaur lau entsegutik gora egin ditzatela exijituko baitiete.

Biarritzi entseguak egitea ikaragarri kostatzen zaio, baina gaur egin beharko ditu, jendeak hala eskatzen dio. Jokalariek ere zaleei zor diete. Beti ondoan izan dituzte, laguntzen, baina aurten sufritzea besterik ez zaie egokitu. Gaur, guztiari buelta eman, eta zuzeneko bidea hartzeko moduko aurkaria dute jokalari zuri-gorriek.

Hamabostekoari dagokionez, dena erabakita dago, eta honako hauek jokatuko dute: Moala, Noirot, Coetzee, Dellape, Carizza, Malonga, Harinordoki, Cronje, Cibray, Bosch, Gobelet, Cabannes, Massi, Ngwenya eta Thierry. Aulkian, berriz, honako hauek geratukio dira: Coirtese, Lecouls, Creevy, Betsen, Dupuy, Peyrelongue eta Balokoro.

Ikusi daiteken moduan, normalean aritzen ez diren jokalari batzuk ere, gaur primerako aukera izango dute entrenatzaileari beraien balioa agerian utzi ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo