Lakua Auzitegi Nazionalaren aurka, baina salbuespen hitzaren esanahia zabaltzearen alde
Auzitegi Nazionala salbuespeneko instituzioa da. Justifikazioa ere halaxe du, epaile naturalaren printzipio juridikoa hausteko beste arrazoirik ez baitago. Horregatik, hain zuzen ere, Lakuako Gobernuak eta Legebiltzarrak auzitegi horren desagerpena eskatu dute azkenaldian. Honaino, hitzen eta ekintzen arteko lehendabiziko kontraesana: printzipioz, ezin dugu lehendabizi zerbaiten aurka egin, eta gero, hori bera gure nahierara erabili. Horixe egin du Ertzaintzak, Lakuak gidatutako Poliziak alegia, Gasteizen gazte bat atxilotu eta Madrilgo epaitegira eramatean.
Halere, bigarren kontraesana are ikaragarriagoa da. Salbuespena zer den eta zer ez den definitzeko orduan Ertzaintzak erabilitako irizpideari buruzkoa da. Izan ere, Natividad Junko kartzelara senidea bisitatzera zihoala hil ondoren «Dispertsioa hiltzailea/ Estado español asesino/ Euskal Presoak Euskal Herrira» dioen pintada egiteagatik norbait atxilotu eta Auzitegi Nazionalera eramateak argi uzten du Euskal Herrian Poliziak «salbuespen» hitza nola ulertzen duen. Biolentzia deslejitimatu behar dela esaten denean, ez dirudi biolentziaren definizioa banalizatzea oso burutsua denik. Gainera, ez da bidezkoa.